Larrialdi ekologikoarekin kezkatuta, elkarretaratzea

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 28a, 00:00

'Aldaketaldia Hernanin' ekimenean partehartzen duten eragile batzuetako kideak.

Larreko Mahaia elkarguneak etzi, 12:00etan, Plaza Berrin 'Aldaketaldia Hernanin' izeneko elkarretaratzea antolatu du, Zaldibar gogoratzeko.

Larrialdi ekologikoarekin kezkatuta dauden Gipuzkoako hainbat eragile sozial eta sindikatuek Larreko Mahaia elkargunea sortu zuten 2019an. Kezka horrekin, Larreko Mahaiak elkarguneak, elkarretaratzea antolatu du etzi, 12:00etan Plaza Berrin. Aldaketaldia Hernanin du izena dei horrek eta Zaldibar gogoratuz lelopean egingo da. Bizi den egoeraren araberako segurtasun neurriak ezarriko dira, eta jardunaldiaren inguruko irakurketa bat ere egingo da.

Larreko Mahaia osatzen duten, eragile eta sindikatuak   hauek dira: ELA, LAB, CCOO, ESK, STEILAS, EHNE, Ikasle Sindikatua, Greenpeace, Eguzki, Errausketaren Aurkako Mugimendua, GuraSOS, Ernai, Fridays For Future eta Extinction Rebelion.

Urtebete beteko da otsailaren 6an, Zaldibarko gertaera larritik

Urtebete beteko da otsailaren 6an Zaldibarko zabortegiaren gertakizunetik, eta honen harira antolatu dute etziko elkarretaratzea, izan ere, «bizi dugun osasun larrialdiak, nahiko estalita utzi du Zaldibarko gaia, hala ere, guk beti izango ditugu Alberto eta Joakin gogoan, baita hondakinen inguruan hauspotutako eredu jasanezin eta pribatizatzaile honen porrot hau» azaldu dute. Herritarrak animatzen dituzte Aldaketaldia Hernanin egitasmoan bertan partehartzera. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!