Correos arratsaldez irekitzea eskatu zuen Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 27a, 00:00

Ez ohiko plenoa izan zen Hernanin astelehenean, telematikoki.  Gai guztiak eta mozioa aho batez onartu ziren. 

Astelehenean ohiz kanpoko plenoa egin zuten Hernaniko udaleko arduradun politikoek. Modu telematikoan egin zen, koronabirusak galarazi egin duelako aurrez-aurre biltzea. Gai erabakigarri guztiak onartu ziren eta mozio bat aurkeztu zuten sozialistek, Correoseko ordutegiaren gainekoa. Zehazki, ordutegia zabaltzeko eskatu zuten, bulegoa goizez eta arratsaldez irekita egoteko. 

Denera bost puntu jorratu zituzten plenoan. Saioa hasi zen 2020ko urtarrilaren 22ko aktaren onarpenarekin. Jarraian, 2020ko abenduan emandako dekretuak 1690-1756 eta 2021eko urtarrilaren 1-46 zenbakidunei buruzko berri eman zen. 

Horrez gain, Beterri Buruntzaldea 2021eko urtarrilaren 27ko Lankidetza Hitzarmenaren aldaketa eta luzapenaren gainean jardun zuten, eta aho batez onartu zuten gaia. 

2017an Hernanik, Astigarragak, Usurbilek, Lasartek, Urnietak eta Andoainek hitzarmena sinatu zuten tokiko garapen inguruko eta  gai laboralen inguruko programak elkarrekin egin ahal izateko.  Lertxundiren esanetan, «espero zen, egindako aurreikuspenekin, 2021eko urtarrilerako garapen agentzia sortuta egotea, baina oraindik ere, hitzarmenaren epemuga den honetan, ez da mankomunitatea egitea lortu. Hala ere, pauso burokratikoak hasi gara ematen, eta bide onetik goaz». Beraz, alkateak adierazi zuen «beharrezkoa» dela hitzarmena egokitzea eta epez luzatzea, eta aho batez onartu zen gaia. «Espero dugu lehenengo seihilabete honetan mankomunitatea sortzea», gehitu zuen.  «Funtsezkoa da gaur,  beste udaletan egiten ari diren bezala, gaia plenoetan hitz egitea eta onartzea; eta, horrekin batera, orain arte bezala lanean jarraitzea». 

Aho batez onartu zen mozioa
Asteleheneko plenoko gai-zerrendako azkeneko puntua sozialistek aurkeztutako mozioa izan zen. «Correoseko zerbitzuak erabiltzeko orduan, eskaintzen duen jendearentzako arreta-ordutegia mugatua da. Soilik goizez irekita dago eta, beraz, eskatzen duguna da, bulegoaren ordutegia bat etortzea goizez eta arratsaldez irekitzen den biztanleria-pisuarekin», helarazi zuen Ricardo Crespok. «Horregatik, soilik goizez irekita dagoelako, herritar askok ezin dituzte kudeaketak egin eta, ondorioz, Donostiara joan behar dute».  

Aurrekoari jarraituz, Jaione Aristregik, Elkarrekin Podemoseko zinegotziak, esan zuen «positibotzat» jotzen dutela Correoseko bulegoko ordutegia zabaltzea. Dena den, helarazi zuen «zaindu» egin behar direla «langileen lan eskubideak». Horrekin batera, Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen harira, hauxe gehitu zuen Aristregik:  «garrantzitsua da geure buruari erreparatzea eta, horregatik, gure zerbitzuak hobetzen jarraitu behar dugu».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!