Txakurra ateratzea, kirola, hiletak... Zer egin dezaket neurri berriekin?

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 27a, 00:00

Astelehen honetan eguneratu zuten koronabirusari aurre egiteko neurriak gordetzen dituen dokumentua, eta ikusgai dago Eusko Jaurlaritzaren webgunean. 

Pasa den ostiralean sartu zen Hernani zona gorrian, intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500etik gorakoa zelako. Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratutako txostenaren arabera, eta gaurkoz Hernanin intzidentzia tasa 650,96koa da  eta Astigarragan, aldiz, 224,75ekoa; hortaz, azken hori ez dago zona gorrian, ez eta laranjan ere. Gauzak horrela,  neurriak ez dira berak bailarako herri guztietan. Astigarragan, esaterako,  Hernanin ez bezala, tasa metatua 500 baino gutxiagokoa denez 100.000 biztanleko, ostalaritza zabalik dago.

Ezarritako neurriek zalantza sortu dute herritarrengan eta horregatik egin dute aipatutako dokumentua; alegia, arauak argiagoak izateko eta kezkak argitzeko. Maskoten kontuari dagokionez, esaterako, debekatuta dago horiek paseatzea etxeratze-agindua dagoen bitartean; hau da, 22:00etatik 06:00etara.

Kirolari erreparatuta, ohiko galdera da ea korrika egitera edo bizikletan ibiltzera taldean joan daitekeen. Bada, erantzuna da federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango dela aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean 6 laguneko taldeetan, gehienez ere. Halaber, maskarilla kentzeko aukera ere aipatzen da, hiri-inguruetan kirola egiten den bitartean. Txostenean adierazten denez, kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da. Hauexek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko intentsoan.

Plazaratutako beste kezketako bat da ea baimenduta dagoen espetxeetara bisitan joatea. Erantzuna baiezkoa da. Hala ere, horretarako, Espetxeetako Agintaritzak emandako baimen egokia beharko da. Bestalde, adinekoen egoitzetara joatea baimenduta dago, betiere  zentroak berak baimendutako bisitak badira.

Horrez gain, norberaren udalerrian egiten diren hileta, hil-beila edo ehorzketetara joatea posible dela ziurtatzen du dokumentuak. Dena den, udalerritik eta EAEtik kanpo gertatzen direnetara joatea baimenduta dute soilik bigarren mailara arteko senideek.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!