Garbiñe Insausti hernaniarrak eta Iñaki Salvadorrek musika emanaldia gaur, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 27a, 00:00

Garbiñe Insaustik eta Iñaki Salvadorrek 'Hegoak' emanaldia eskainiko dute gaur.

Urtarrileko kultura-agenda amaitzear da eta gaurkoan 'Hegoak' kontzertua eskainiko dute kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan hasita. Emanaldirako sarrera aldez aurretik eskuratu behar da 7,5 euroan, leihatilan edo internetez.

Urtarrilerako kultura-agenda oparoa antolatu da Hernanin. Horren baitan, gaurkoan Garbiñe Insausti kantari hernaniarrak eta Iñaki Salvador piano-jotzaileak kontzertua emango dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Hegoak emanaldiaren bidez, artistek bidaia musikala eskainiko dute eta Mikel Laboa, Imanol edo Xabier Leteren kanta ezagunekin batera, beste hainbat artista ezagunen melodiak jasoko dituzte kontzertuan.

Insaustiren eta Salvadorren kontzerturako sarrerak aldez aurretik eskuratu behar dira Biterin edo internet bidez, 7,5 euroan. Halaber, jakinarazi dute dirua itzuliko dietela gaurko emanaldirako sarrerak erosi zituzten zona gorrira pasa diren herrietako ikus-entzuleei. Horretarako, leihatilan erosi zituztenek kultur etxearekin jarri beharko dute harremanetan; internetez erosi zituztenei, aldiz, dagoeneko bueltatu diete sarreren dirua.

Horrez gain, urtarrilerako agenda amaitzear dago eta bihar, zinema zikloa izango da Biterin. Arzak since 1897 filma eskainiko da, doan, arratsaldeko 19:00etan. Bertaratu nahi dutenek gonbidapena aldez aurretik eskuratu beharko dute.

Otsailerako agenda, prest

Datorren astean jarriko dira salgai eta eskuragai, otsailerako kultura-agendarako sarrerak eta gonbidapenak. Sarrerak salgai jarriko dira Biteriko leihatilan edo kultura.hernani.eus helbidean.

Otsaileko kultura-agendan, lehenengo egitasmoa hilaren 4an izango da. Caminho Longue filma proiektatuko dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Gero, hilaren 10ean, Aitziber Garmendiaren Txanogorritxotik otso emera bakarrizketa izango da kultur etxean, arratsaldeko 19:00etan hasita. Ondoren, Nogen musika-taldearen kontzertua egongo da Biterin, otsailaren 13an. Hurrengo emanaldia Kutsidazu bidea Ixabel antzerki musikala da, hilaren 14an. Eta, azkenik, aurreikusita dauden beste kultura emanaldiak dira haurrentzako antzerki-musikatua, hilaren 15ean; eta, azkena, haur antzerkia, otsailaren 20an. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!