Zinea

Dokumentala etzi Biterin, euskal zinema zikloarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 26a, 00:00

Pelikulak sukaldaritzaren eraldaketa du hizpide, eta etzi proiektatuko dute Biteri kultur etxean, 19:00etan.

Urtarrileko kultura-agendaren baitan, hilabete honetako egitarauari amaiera emateko euskal zinema zikloko bigarren saioa egingo dute etzi, hilaren 28an, Biteri kultur etxean. Asier Altunaren Arzak Since 1897 dokumentala proiektatuko dute kultur etxeko areto nagusian,  dohainik, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Ikus-entzunezkoak kontatzen du sukaldaritza tradizionalak egile-sukaldaritza berrian izan duen eraldaketa, Donostian 100 urte baino gehiagoz irekita dagoen Arzak jatetxearen bidez. Jatetxea Juan Mari Arzakek eta Elena Arzak alabak zuzentzen dute; eta, besteak beste, Ferran Adria, Pedro Subijana, Joan Roca, Karlos Arguiñano, Andoni Luis Aduriz eta Dabiz Muñoz agertzen dira bertan.

Halaber, dokumentalak ordu eta hamarreko iraupena du eta aurreratu moduan, Arzak familia du hizpide. Sinopsiak argi uzten du hori: ostalaritza ikastea erabaki zuenean, zera erantzun zion amak Juan Mariri: egin zezala etorkizun haundiagoko karrera bat. Harrez gero joan diren hirurogei urte hauetan, gastronomiak sekulako prestigioa hartu du gizartean. Juan Mari bilakaera horren parte garrantzitsua izan da. Eta Arzak, Donostiako Mirakruz gainean kokatutako familiarteko jatetxea, munduko jatetxerik onenetakoa da azken urte hauetan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!