Trailer batek istripua, Arrobi inguruan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 25a, 16:09

Arratsaldeko 15:15ak aldera gertatu da: butanotik Arrobi ostaturako bidea hartu du trailer kamioi batek, eta gurpiletako bat bidetik aterata, ez atzera eta ez aurrera geratu da.

Suhiltzaileak, udaltzainak eta grua bertaratu dira, eta kamioiari gasoilaren depositua hustu ondoren, errepidean sartu dute gurpila berriro. Bihar jarraituko dute lanekin, kamioia errepide nagusira ateratzeko.


Istripua izan du trailer kamioi batek, gaur arratsaldeko 15:15ak aldera, Arrobi inguruan. Jauregiko enpresa batera zijoala, okerreko bidea hartu du, eta butano aldera abiatu da. Aldapan, ordea, ezin izan du gora egin, eta atzera bueltan, Arrobi ostaturako bide estua hartu du. Bidearen zati batean atzeko gurpiletako bat errepidetik atera zaio, eta kontrola galduta, ez atzera eta ez aurrera geratu da. Iraultzeko arriskua ere izan du, baina orekari eutsi dio.

Istripua izan eta berehala, gasoila galtzen hasi da kamioia. Hori horrela, Donostiako suhiltzaileak eta Hernaniko udaltzainak bertaratu dira, gasoilaren depositua hustu eta bidoietan jasotzeko, aurrena: 300 bat litro gasoil zeuzkan. 

Grua ere bertaratu da istripuaren gunera, eta behin depositua hustuta, kamioia bera hustu dute, errazago mugitu ahal izateko. Izan ere, 22 toneladako karga zeukan kamioiak. Ondoren, kamioia berriro ere errepidera sartu dute, gruarekin. 

Aurreikusi dutenez, lanek luzaroan iraungo dute oraindik, eta bihar arte egongo da bidea itxita. Kamioia bidean sartuta, bihar goizeko 08:30etan ekingo diote errepide nagusira ateratzeko lanari, eta eguerdirako amaituta egotea espero dute. Gasoilaren depositua gaur hustu dute, eta bihar hustuko dute karga guztia. Hori eginda, kamioia mugituko dute. Hala ere, oraindik ez dakite aurrera edo atzera egingo duten errepide nagusirako bidea.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!