Barrenetxea eta Urrizak jokatuko dute UTS Master Txapelketako finala larunbat gauean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 26a, 00:00

Barrenetxeak 7-1eko partzialari esker irabazi zuen finalerdia.

Finalerdietan atzelari hernaniarrak 30-25 gainditu zuen Juanenea eta Urrizak 30-23 irabazi zion Ansa urnietarrari. Pasa den urteko final berdina izango da larunbatekoa.

Barrenetxea eta Urrizak irabazi zituzten UTS Master Txapelketako finalerdiak eta beraz azken bi urteetako txapeldunak jokatuko dute finala, datorren larunbatean, gaueko 11:00etan. 
Finalerdietako lehenego partiduan Barrenetxeak 30-25 gainditu zuen Juanenea kostata eta bigarren finalerdian Urrizak 30-23 irabazi zion Ansari.
Bi partiduak onak izan ziren eta joko maila altukoak izan ziren, baina era berean desberdinak. Barrenetxea eta Juanenearen artekoa ezin berdinduagoa izan zen. Azkenean atzelari hernaniarraren aldeko 1 eta 7ko partzialak erabaki zuen. Bide batez udarako arantza ere atera zuen. 
Alternatiba askoko partidua izan zen. Gora behera asko izan zituen eta markagailuan bat edo bestea egoten zen aurretik. Hasiera batean Juanenea hasi zen agintzen eta 5-2 aurreratu zen. Barrenetxeak buelta eman eta lau tantoko abantaila hartu zuen 6 eta 10ekoan. Juaneneak berriz ere irauli egin zuen markagailua eta bere alde jarri zuen 20-17 eta 24 eta 23 aurretik zela Barrenetxeak sei tanto egin zituen jarraian 24-29 aurreratuz eta finalerdia erabakita utziz.
Sakearekin min haundia egin zuten bai batek eta bai besteak eta agian zuloa errebotean eduki zuen Juaneneak. Aurrean peloteoan Barrenetxea baino gehiago zen, baina hernaniarrak atzeko pareta bilatu zuen eta ongi atera zitzaion apustua.
Bigarren finalerdia desberdina izan zen. Urrizak agindu zuen eta partiduan sartzea kosta egin zitzaion, Ansaren aurrean 6-1 aurreratuz. Bazirudien partidu erraza izango zela sei aldiz txapela hau jantzi duen erremontistarentzat. Bederatzi tantoko abantaila lortu zuen iruindarrak 23 eta 14koan, baina urnietarra esnatu eta hiru tantora jarri zen 23-20. Urrizak, beti bezala, ongi defendatzen zuen eta Ansak bere beso indartsuarekin abiadura asko ematen zion pelotari. 
25 eta 22 zirela Urriza sakearekin asmatzen hasi zen eta sei tantoko alde erabakiorra hartu zuen 28-22 aurretik jartzeko. Azkenean 30-23 gainditu zuen Ansa, baina ez zuen partidu erraza izan.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!