Salvador eta Insausti, asteazkenean Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 24a, 00:00

'Hegoak' lana aurkeztuko dute Nahia Valle eta Maider Zapirainekin batera, 19:00etan hasita.

 Garbiñe Insausti hernaniarrak eta Iñaki Salvador musikariak Hegoak lana aurkeztuko dute asteazkenean, 19:00etan, Biteriko areto nagusian. Insausti eta Salvadorrekin batera Nahia Valle kantaria eta Maider Zapirain biolontxelo jotzailea ere izango dira.

Hernanin eman zuten azken kontzertutik 8 urte inguru igaro dira eta bi musikariak berriz elkartu dira, «musikaz eta emozioz beteriko bidaia bat egiteko euskal geografiako hainbat gairen inguruan» dio Garbiñe Insaustik. Maitia nun zira edo Haurtxo txikia bezalako abesti herrikoiekin batera, Mikel Laboa, Imanol edo Xabier Leteren abestiak konbinatuko dituzte eta tartean izango dira Edith Piaf, Jaques Brel edo Kurt Weill-en kantuak.

Pandemia garai honetan kultura asko ari da sufritzen eta Garbiñe Insaustik hainbat proiektu  ezin izan ditu aurrera eraman, Estatu Batuetan, Txinan edo Frantzian, kulunka antzerki konpainiarekin. «Aspalditik lantzen genituen proiektuak, eta azkenean ezin izan ziren pandemiaren gai guztiarekin gauzatu», azaldu du Insaustik, eta 2021ak ez du itxura hoberik. «Dagoeneko bertan behera utzi behar izan ditugu emanaldiak, Alemanian edo Frantzian. Etorkizunari itxaropenez begiratzen diogu, baina beldurra eta ziurgabetasuna ere hor daudela ukaezina da».

Momentuz, hernaniarrek Hegoak proiektuaz gozatzeko aukera dute. Musikaren, doinuen eta gaien bidez beste leku batzuetara mugitzeko behar ditugun buruko hegal horien errepresentazio gisa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!