Barrenetxea IV.ak Master txapelketako finalera iritsi eta udarako arantza atera nahi du gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 24a, 00:00

Juanenearen aurka neurtuko da 12:00etan hasiko den jaialdiko lehenengo partiduan. Bigarrengoan Urriza eta Ansa ariko dira.

Buruz Buruko Master Txapelketa gaur hasiko da, eguerdiko 12:00etan, bi finalerdiekin eta aurtengo txapelketaren berrikuntza nabarmenenak horixe dira; asteko eguna eta ordutegia. Ez da ez egun eta batez ere ordu ohikoa igande eguerdia erremonteko partidu profesionalak jokatzeko. 

Lau erremontista lehiatuko dira finalerdietan. Gaurko lehenengo partiduan ariko da Barrenetxea IV.a. Atzelari hernaniarrak pasa den urtean txapela hau jantzi zuen eta txapelaren defentsan, lehenengo finalerdian, Juanenea izango du aurkari. Nahiz eta Master txapelketako txapeldun izan, pasa den udaran galdu egin zuen Juanenearen aurka 30-21. Beraz, Barrenetxeak arantza hori atera nahiko du. Gainera Buruz Buruko Txapelketa nagusian jokatutako hiru partiduak galdu zituen eta 2019ko sentsazio onak berreskuratu nahi ditu.

Ez da erraza izango garaipena. Juanenea saldiastarrak erakutsi zuen uztaila, abuztua eta irailean zehar joko maila oso altua duela eta banakakoan ederki moldatzen dela.

Bigarren partiduan, Urriza txapeldun haundia Ansaren aurka neurtuko da. Endikak hiru hilabeteko atsedena hartu du eta bere lekua txapelketan Ansa urnietarrak hartu du. Urriza da faborito nagusia txapela janzteko eta gaur finalera sailkatzeko ere bai. Gogoratu, finala datorren larunbatean jokatuko dela, gaueko 11:00etan, gaurko irabazleen artean.

Partidu guztiak ETB1ek eskainiko ditu zuzenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!