Futbola

Jubenilen Liga Nazionalak eta Emakumeen Euskal Ligak atsedena izango dute asteburu honetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 23a, 00:00
Maialen Fuentes, CDHko atezaina, pasea egitera doala.

Talde berdeek atsedenaldia dute egutegian, asteburu honetarako. Datorren astean, mutilek Alaves izango dute aurkari etxean; emakumezkoak, berriz, ez dira zelaira bueltatuko otsailaren 6ra arte. 

Pasa den asteburua berezia  zein lehia bizikoa izan zen futbolari hernaniarrentzat. Emakumeen Euskal Ligan 2-2ko berdinketa lortu zuten Athleticen aurka, Maddi Muñozen eta Enireren golekin. Bestalde, gizonezkoen Jubenilen Liga Nazionalak ere klasifikazioan puntu bat gehitu zuen, Beasainen norgehiagokan Oyarbideren golarekin 1-1eko markagailua egin ostean.  Asteburu honetan eta datorrenean, berriz, emakumezkoek atsedena izango dute. Gizonezkoen txapelketan ere atsedendaldia izango da oraingo honetan. Andoni Loranen taldea datorren astean bueltatuko da zelaira, hirugarren jardunaldia jokatzera. Etxean egingo dute itzulera, Alavesen aurka. 

Sei partiduren faltan, Euskal Liga amaitzeko 

Pandemiak bailarako txapelketa gehienak bertan behera utzi baditu ere, Emakumeen Euskal Ligak bereari eutsi dio. Zortzi partidu jokatu ditu orain arte, eta izan ditu sei berdinketa eta bi porrot. Berdinketen boladarekin amaitu eta garaipen gosea dute Fernando Molina entrenatzaile argentinarraren jokalariek. Hala ere, merezitako atsedenaldia izango dute datozen bi asteetan. Euskal Ligako taldeen aurka gailendu ez badira ere, pasa den asteburuan 2-2ko markagailuarekin itxi zuten Athleticen aurkako norgehiagoka. Erakustaldi bikaina eman zuten neskek, eta lantaldea izan zen protagonista berdeen joko-estrategian. Lehenengo itzulian 10-1 galdu zuten Lezaman bizkaitarren aurka, eta partidu zaila izatea espero zuten hernaniarrek. Dena den, esfortzuak fruituak eman zituen, eta klasifikazioan puntu bat gehitzea lortu zuten CDHkoek. 6 punturekin, azkenaurreko postua betetzen dute sailapenean. Aurrera de Vitoria B puntu batera dute eta Elorrio, berriz, soilik bira, bi postu gorago.

Jubenilek, hirugarren jardunaldia

Koronabirusak eten egin zuen Jubenilen Liga Nazionalaren txapelketa. Denera, bertan behera gelditu ziren 6 jardunaldi, eta zazpigarrena, berriz, talde gehienek jokatu zuten. Hori horrela, datorren asteburukoa liga hasi zenetik hirugarren partidua izango da hernaniarrentzat, eta Alavesen aurka jokatuko dute Zubipen. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!