UTS Master Txapelketako finalerdiak bihar jokatuko dira Galarreta frontoian

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 23a, 00:00

Barrenetxeak, Juaneneak, Ansa II.ak eta Urkizak jokatuko dituzte lehiaketako partiduak. Galarretan hasiko da txapelketa, bihar, eguerdiko 12:00etan hasita. Final haundia hilaren 30ean izango da, gaueko 23:00etan.   

Asteartean aurkeztu zuten UTS Buruz Buruko Master Txapelketa Galarretan. Bertan izan ziren UTS komunikazioko eta Oriamendiko arduradunak eta lau erremontistak. Bi egunetan jokatuko dituzte txapelketako partidu guztiak eta, beraz, datorren larunbatean, hilaren 30ean, ezagutuko dira irabazleen bi izenak.

 

Berrikuntza nagusia, egutegia eta ordutegia

Asteartean emandako prentsaurrekoan aurreratu zuten berrikuntza emango zela UTS Master Txapelketa honetan, egutegiari eta ordutegiari dagokienez. Izan ere, finalerdiak bihar, urtarrilaren 24an, jokatuko dira. Galarretan izango dira norgehiagokak, eguerdiko 12:00etan hasita. Berrikuntza da egutegiarena eta ordutegiarena, artxibategira jo eta atzera egin beharko litzatekeela jakiteko noizbait jokatu ote den igande eguerdian. Bestetik, aipatu moduan, finala urtarrilaren 30ean, datorren larunbatean, jokatuko da. Horretan ere  ordutegia ez da izango ohikoa; izan ere, partidua gaueko 23:00etan jokatuko da.   

Lau pelotarik hartuko dute parte txapelketan. Hain zuzen, Buruz buruko txapelketa nagusian, lehenengo lau postutan geratu ziren pelotariak izango dira parte hartzaileak. Aurten,  Endikaren baja dela eta, bosgarren postuan geratu zen pelotariak hartuko du parte: Ansa II.ak, erremontista urnietarrak.

Halaber, partiduak osatzeko irizpidea finalerdietan lortutako sailkapena izango da. Gainera, partidu bakarrera jokatuko da eta txapelketako norgehiagoka guztiak 30 tantora jokatuko dira. Horrela, lehenengo finalerdian Urriza eta Ansa II.a neurtuko dira eta bigarren finalerdian, berriz, Juanenea eta Barrenetxea IV.ak jokatuko dute bata bestearen aurka. Hortaz, bi partidu horietako irabazleak pasako dira zuzenean final haundira.

 

Ikusle gabe jokatuko da

Koronabirusa dela eta, txapelketako partiduak ateak itxita jokatu dira eta oraingo honetan ere horrelaxe egingo dute. Hala ere, partidu guztiak ETB1ek eskainiko ditu zuzenean eta, hortaz, ikusteko aukera egongo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!