Hernanik duen egoera dela eta, atzeratu egin dira asteburuko NAIZ kontzertuak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 21a, 18:31
Atzeratu egin dira Skakeitan, Brigade Loco , Des-kontrol eta Zea Maysek eskainiko zituzten kontzertuak.

«Pandemiaren egoerak hobera egin bezain laster» egingo dira musika-emanaldiak. Hala ere, sarrera guztiak mantenduko dira, bai fisikoak, bai streaming bidez ikusteko erositakoak ere. 

Bihartik hasita igandera arte NAIZ Kontzertuak zeuden antolatuta kiroldegian. Dena den, osasun krisia dela eta horiek atzeratzea erabaki dute arduradunek. Data berriak ez dituzte argitaratu oraindik, baina datozen asteetan emango dute horien berri. Gainera, sarrera guztiak mantenduko direla ere helarazi dute. Argi utzi dute musikariei eman nahi zaien hauspoa ez dela «zulaturik geratuko». 
Hiru egunetako kontzertuak atzeratzea erabaki dute azken egunetan pandemiak eragin dituen kutsatze kopuruek eta intzidentzia-tasek goranzko joera izan dutelako. «Egoera ez da samurra hainbat tokitan», azaldu dute. «Hernani eremu gorrian sartzeko arriskuan dago gaur gaurkoz». Horren bueltan, «pandemiaren egoerak hobera egin bezain laster» egingo dituzte musika-emanaldiak. «Pandemiak dakarren marea biziaren baitan, zurrunbiloan sartuta gabiltza datuek diotenaren arabera eta, egoera horren aurrean, arduraz jokatzea ezinbestekoa da». Dena dela, barealdia datorrenean bueltatuko direla azpimarratu dute antolatzaileek: «musikarekiko elkartasunarentzat oztopoak aurkitu ditugu bidean, baina honek ez du etenik izango». 


Erositako sarrera guztiak mantenduko dira
Kontzertuak atzeratu badira ere, sarrerak mantendu egingo direla komunikatu dute NAIZekoek. Alegia, ez da moldaketarik izango alde horretatik. Beraz, eskatu dute sarrera fisikoak eta streaming bidez erositakoak ere gordetzeko, egoerak baimentzen duenean kontzertuei beste data bat jarriko dietelako.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!