Garaipen baten balioa daukan puntu lortu zuen Hernanik Zubipen, Athleticen kontra berdinduta

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 19a, 00:00
Hernaniko jokalari bat, larunbatean Zubipen, Athleticeko hiru jokalariren presioari eusten.

2-2 berdindu zuten berdeek, partidu haundia jokatuta, Emakumezkoen Euskal Ligan. Mutil jubenilek ere, berdindu egin zuten Liga Nazionalekoa, Beasainen zelaian (1-1), eta aurreneko puntua lortu zuten denboraldian.

Oso zapore ezberdina utzi dezakete berdinketek, partiduaren arabera. Eta horrela gertatu zaio Hernaniri, Emakumezkoen Euskal Ligan, azkeneko bi asteburuetan. Gazia izan zen aurreko asteburuko berdinketa, Leioaren kontra Zubipen, azkeneko sailkatua zelako bisitaria, eta oso garrantzitsua garaipena lortzea. Baina gozoa, oso gozoa, izan da asteburu honetan lortu duten berdinketa, Athletic liderraren kontrakoa.


Partidu haundia jokatu, eta 2-2 berdindu zuten berdeek, Ma­ddi Muñoz eta Enireren golei esker. Zazpi partidutik sei irabazita zetozen zuri-gorriak, 30 gol sartu eta bost bakarrik jasota. Are gehiago, aurreneko itzulian 10-1 galdu zuten hernaniarrek haien kontra, Lezaman. Baina oso bestelakoa izan zen larunbatekoa. Zubipen jokatzeak bultzatuta, seriotasunez egin zioten aurre berdeek, kontrario zailenari.


Entrenatzaileek aurretik planteatutako proposamenarekin aurre egin zieten bilbotarrei. Athletic irabazten hasi zen, baina atsedenaldia baino lehen sartutako golarekin partidua berdindu egin zuen Hernanik. Gainera beste aukera pare bat gehiago eduki zituzten atsedenera iritsi aurretik. Horrek bultzada eman zien bigarren zatirako, batez ere moral aldetik. 


Bigarren zatia hasi eta berehala etorri zen Hernaniren bigarren gola. Horrek indar asko eman zion taldeari eta beste gol bat sartzeko aukera ere izan zuten. Athleticen berdinketa hamar minutu falta zirela etorri zen. Azken bost minutuetan erasotzen jarraitu zuen talde zurigorriak, baina Hernanik ongi eutsi zion berdinketari «oso gustora» amaituz.


Lortutako puntuarekin, azke­naurreko postuan jarraitzen du Hernanik, sei punturekin; baina puntu bakarrera dauka Aurrera de Vitoria, eta bi puntura Elorrio. Eta larunbateko partiduak, animoak emango dizkie, azkeneko sei partiduei begira.

Mutil jubenilek ere berdinketa, Liga Nazionalean
Bigarren partidua jokatu zuten larunbatean bertan, Liga Nazionaleko mutil jubenilek. Eta berdindu egin zuten haiek ere (1-1), Beasainen zelaian. Garaipenaren bila atera ziren txuri-berde­ak, baina behintzat, aurreneko puntua lortu zuen, hasi berri den denboraldi honetan.
Datorren asteburuan jokatuko dute aurreneko partidua Zubipen: Alaves hartuko dute.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!