Erremontea

Buruz Buruko Masterra hasiko da asteburu honetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 19a, 00:00

Lau erremontista ariko dira, eta larunbatean izango dira semifinalak Galarretan. Finala, berriz, urtarrilaren 30ean jokatuko dute.

Bueltan da erremontea Galarre­tan, bi asteburutan atseden hartu ondoren. Larunbat honetan ekingo diote lehiari berriro, arratsaldeko 16:00etan hasita; eta beste txapelketa batekin jarriko dira martxan: Buruz Buruko Masterra hasiko dute.

Bi asteburutan jokatuko dute txapelketa, eta lau erremontista ariko dira: Endika Barrenetxea hernaniarra, Javier Urriza, Imanol Ansa eta Aritz Juanenea. Horrela, semifinalak izango dira larunbat honetan, eta urtarrilaren 30ean jokatuko dute finala, bi irabazleek. Gaur arratsaldean aurkeztuko ditu Oriamendi enpresak, Galarretan, txapelketaren xehetasun guztiak.

Erremontea bueltan izango da, beraz; baina ikuslerik ezingo du hartu Galarretak oraindik, Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriek ez baitute hori baimentzen. Edozein kasutan, Binakako Txapelketan gertatu bezala, partiduak ikusteko aukera izango dute pelotazaleek, Buruz Buruko Masterrean ere. Izan ere, zuzenean emango ditu bi semifinalak Euskal Telebistak, larunbat honetan; eta baita finala ere, hurrengoan.

Izango du berezitasunik ere, aurtengo finalak: gauez jokatuko dute, arratsaldez beharrean. 22:00etan hasiko da jaialdi hori, binakako partidu batekin; eta 23:00etan hasiko du zuzeneko emanaldia ETB1ek, finalarekin.

Joan den urtean, Endika Barrenetxeak irabazi zuen Buruz Buruko Masterra, Javier Urriza mendean hartuta. Ezin estuagoa izan zen finala (30-29).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!