Boleibola

Jokalari asko falta arren, garaipen erosoa Gasteizen

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 19a, 00:00

0-3 nagusitu zen Hernani, Udapa Jatorkideren kontra, Euskal Ligan. Bestalde, deialdia luzatu du klubak, mutil jubenilen talde bat osatzeko.

Irabazteko partidua zeukan Hernanik Euskal Ligan, joan den asteburuan, Udapa Jatorkideren bigarren taldearen kontra. Baina partidua hasi aurretik konplikatu zitzaion, jokalari asko falta zituelako taldeak, arrazoi ezberdinengatik: «bi taldeen artean alde haundia dago, baina jokalariak falta izateak kezka sortu zuen taldean», azaldu zuen Eusebio Lizarazu entrenatzaileak. Partidua hasita, ordea, kezka guztiak uxatu zituzten hernaniarrek: «jokalari batzuek postua aldatuta aritu behar izan dute, baina ezin hobeto egin diogu aurre arazoari».

Izan ere, garaipen erosoa lortu zuen Hernanik, 0-3 emaitzarekin nagusituta. Hasieratik aritu ziren seriotasun haundiz, eta erraz irabazi zuten aurreneko jokoa (8-25). Horrek lasaitasun haundia eman zien, gainerako jokoei aurre egiteko.

Aurrenekoan bezala, hasieratik izan ziren markagailuan aurretik, bigarrenean ere. Aukera gutxi eman zizkieten etxekoei, eta 12-25 irabazi zuten jokoa. Eta hirugarrenean ere, eroso aritu ziren hernaniarrak, 13-25. Oso talde gaztea izan zuten aurrean, eta esperientzia baliatu zuten, partidua irabazteko.

Garaipenarekin, Euskal Ligako aurreneko postuan jarraituko du Hernanik, beste aste batez, kontrario zuzenei aurre egin aurretik. «Partidu gogorrak datoz orain, Bera Bera eta Navarvoleyren kontra; eta ezinbestekoa izango da jokalariak berreskuratzea», azaldu du taldeko entrenatzaileak. Gainera, ez du baztertu jokalari berriak taldera batzeko aukera ere: «urtarrilaren amaierara bitarte da­go epea, fitxaketak egiteko; eta ba­dago aukera, jokalari bat edo beste taldean sartzeko».

Larunbat honetan jokatuko dute Bera Beraren kontra, arratsaldeko 18:15etan Donostian. Ligako bigarren sailkatua da Bera Bera, hain justu; eta lidertza izango dute jokoan, bi taldeek.

 

Mutil jubenilen taldea osatzeko, gazteei deialdia

Bestalde, Hernani Kirol Elkarteak jakinarazi du, mutil jubenilen boleibol taldea osatzeko asmotan direla. Eta horretarako, deialdia luzatu diete, 2004, 2005 eta 2006 urteetan jaiotako gazteei, animatzeko eta boleibola probatzeko: «gonbitea luzatu nahi diegu boleibola probatu nahi duten mutil guztiei, gurekin harremanetan jarri eta taldean sartzeko. Beraiena izango da etorkizuna», adierazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!