Lau bertso herritarrentzat Bertso Eskolak, Tabernetako Bertso Txapelketa presente izateko

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 19a, 00:00
Aingeru Otxototera 2019ko irabazleak, pasa den urteko Andoni Rekondo irabazleari, txapela jartzen.

Aurten ez da Tabernetako Bertsolari Txapelketa ospatuko, Covid19ak eragindako osasun alarma medio. Hala ere, Hernaniko Bertso Eskolakoek lau bertso sortu dituzte, egun hau gogoan izateko.

Urteroko ohitura bihurtu da Hernaniko Tabernetako Bertsolari Txapelketa, baina aurten tamalez herritarrek ez dute aukerarik izango herriko bertsolarien doinu eta errimak aurrez aurre entzuteko. Bizi dugun osasun alarmak honelako ekitaldiak bertan behera gelditzea eragin baitu. 

Txapela beste urte betez, Andonik
Pasa den urtean, Andoni Rekondo hernaniarrak eraman zuen txapela etxera, eta guztira 12 bat parte hartzaile izan ziren. Maila paregabea zutela erakutsi zuten baina Rekondo gailendu zen, buruz burukoan Jon Altuna Oxanekin aritu ondoren. 
Urtero, Garin taberna beteta egon ohi da, izan ere, primerako giroa egoteaz gain, umorea ez da falta, eta bertso paregabeak botatzen dituzte bailarako herritarrek. Gainera urtero, dinamika antzerakoa izan ohi da, ariketa ezberdinak osatu behar dituzte bertsolariek, eta beste bertso txapelketetan ariketa hauek ez dira oso ohikoak izaten. 2020ko tabernetako txapelketan, gai jartzaileak istorio bana kontatu zion multzo bakoitzeko aurreneko bertsolariari, gainerakoak entzun gabe. Bertsolariak postuetan jarri, eta banan banan joan ziren elkarri istorioa bertsotan kontatzen, txandaka. 

Trikuak eta satorrak istorioen protagonistak 
Gai jartzaileak jarritako istorioen artean, trikuaren istorio bat ere izan zen tarteko,  Mutriku izeneko herri bat badela jakin du, eta hara joan nahi duela eta, garraiobide guztiak baliatu ditu iristeko. Beste istorio batean, satorra zen protagonista: topo izeneko garraiobide baten berri izan du, eta hura erabili behar duela erabaki du, baina iritsi denean, bertako arduradunak esan dio Donostiako metroa hartzera dijoala. Istorioaren zentzua nahiko ondo mantendu zuten trikuaren istorioan, baina erabat aldatu zuten, satorrarenean...   
Istorio hauek bertsotan ederki erantzun zuten askok, baina  parte hartzaileetako batzuk pasa ziren hurrengo fasera, hala nola, Andoni, Oxan, Haritz, Aingeru, Iñigo eta Joseba. 
Aingeru eta Joseba kanpoan gelditu ziren, binaka aritu zirenean. Gelditzen ziren lau parte hartzaileetatik, Oxan buruz burukora zuzenean pasa zen. 
Buruz burukorako gainontzekoak bertsotan jarraitu behar izan zuten. Gai jartzaileak, ixilpeko puntua eman zion bertsolari bakoitzari, eta bertso bat osatu zuen bakoitzak, puntu hori tartekatuta. Ariketa honekin, gainerako partaideek emandako puntua zein zen asmatu behar zuten, eta hor epaimahaiak Andoni finalista izatea erabaki zuten, beraz bera pasa zen buruz burukora, Oxanekin.
Tabernetako Bertsolari Txapelketa amaitzeko, ariketa gehiago egin zituzten, eta nahiko xelebre bezain bereziak izan ziren. Batetik, ariketa sin­kronizatua: batek bertsoa bota, eta besteak aldi berean kantatu behar zuen, asmatuz zer esango zuen. Gero, gai sakona, umoretik landu zuten: Bi hartz polar zarete, izotz puska batean bizitzen; baina berotegi efektuagatik, txikitu egin da, eta zerbait pentsatu behar duzue.
Azken bi finalistei, gehiago kosta zitzaien beste­arena asmatzen, baina bertso ederrak osatu zituzten biek; eta azkenean, Andoni aukeratu zu­ten txapeldun, epaileek. Txapela, iazko irabazleak jarri zion, Aingeru Otxotorenak. 

Bertso eskolak, ez du gaurko eguna ahaztu eta lau bertso sortu ditu 
Tamalez aurten ez da urteroko Tabernetako Bertso Txapelketarik ospatuko, bizi dugun osasun alarma dela medio. Hala ere, Hernaniko Iraulio Panttale Bertso Eskolak argi utzi du ez duela egun hau ahaztu. 
Hori horrela, Hernanin hain maitea den egun hau presente izateko, lau bertso sortu dituzte herritarrentzat, bertso txapelketak sorarrazten dituen sentipen eta emozio horiek ez ahazteko.  

Txapelketarik ez aurtengoan, baina bertso eskolak ez du eguna ahaztu

 

San Sebastian bezpera 
iritxi zaigu ostera 
Egun honekin inoiz    
Garinen tokatu  
bazera. Pixka gozatze      
aldera bildurik bertso artera
Aurten ordea beraren           
faltan ibiliko gera.

Giro onaren aztarna
Eta tabernak dakarna
Horrexegatik antolatu da
Urteetan barna
Bakoitzak du bere arma
Horrek eman dio xarma
Pertsona eta pertsonajeen
Gozamendu plana

Behin Garin denean bete
Badago sua beste ke
Ilusio bat izan liteke
Txapelaren menpe
Beteranoenak tente
Ta gaztiak datoz fuerte
Inor zalantzan baldin balego
Anima daiteke

Aurten ez badute uzten
Laga hurrena iristen
Esperantzari utzi daiogun
Argia ikusten
Izango den edo ez den
Bazpare jarraitu eusten
Beste urte bat badaukazue
Entrena zaitezten

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!