Lehia estua izan zen Landareko sei partiduetan, zazpiko errugbiko Euskal Ligaren estreinakoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 19a, 00:00

Ordiziari irabazi zion Hernanik, eta La Unica eta Las De Siempre taldeen kontra galdu zuen, txapelketaren aurreneko jardunaldian; baina bost punturen aldea besterik ez zen izan, hiru partiduetan. Gainerakoak ere, oso lehiatuak.

Larunbatean hasi zen zazpiko errugbiko Euskal Liga, emakumezkoetan; eta Landaren jokatu zuten estreinako jardunaldia. Sei partidu izan ziren guztira, lau talderen artean: Hernani, La Unica, Las De Siempre eta Ordizia. Eta partidu guztiak izan ziren oso lehiatuak, puntu gutxiren aldearekin erabakitakoak.
Hernanik partidu bat irabazi eta bi galdu zituen, baina bost punturen aldea besterik ez zen izan, partidu guztietan. Porrotarekin ekin zioten trikoloreek, Las De Siempre taldearen kontra (10-15); eta galdu egin zuen La Unicaren kontra ere (19-24). Ordiziaren kontra, ordea, garaipena lortu zuen (24-19).
Estuak izan ziren beste hiru partiduak ere. La Unicak irabazi egin zituen partidu guztiak, Ordiziari 22-10 eta Las De Siempreri 20-10 nagusituta. Eta Ordiziak irabazi zuen, Las De Siempreren kontrakoa (21-20).
Hortaz, hiru garaipenekin bu­katu zuen La Unicak, eta banarekin Hernanik, Las De Siemprek eta Ordiziak.

Euskal Ligako mutilek porrota, Irunen
Larunbatean jokatu zuen aurreneko partidua, mutilen Euskal Ligako taldeak ere, Gernikaren kontrakoa atzeratu egin baitzen aurreko asteburuan. Irunen aritu zen Hernani-Atletico, Txingudiren kontra; eta ezin izan zion garaipen batekin ekin denboraldiari: 31-12 galdu zuen Plaiaundiko zelaian.
Ezin hobeto ekin zion Hernani-Atleticok, eta bi entsaio lortuta, 0-12 aurreratu zen markagailuan, 10 minututan. Baina hortik aurrera, Txingudi izan zen nagusi, eta beste bi entsaiorekin berdindu zuen partidua, atsedenaldira iristerako (12-12).
Bigarren zatian ere, Txingudi izan zen nagusi jokoan, eta Hernani-Atleticok hasieran eutsi bazion ere, hiru entsaio gehiago lortu zituzten bidasoarrek, partidua bere aldera eramateko.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!