50 urte disko-liburu batean, Incansablesek

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 16a, 00:00

Etzi, urtarrilaren 22an, aurkeztuko du Incansables txarangak disko-liburua Biterin, arratsaldeko 19:00etan.

Incansables txarangak 50 urte bete zituen pasa den urtean. Hori horrela, urteurren berezia izateko eta orain arteko historia memorian geratzeko, diska-liburua kaleratu dute. Aurretik txarangaren diskoetan bildutako zein orain arte argitaratutako edo grabatu gabeko bederatzi abestik osatzen dute diskoa. Liburuan, berriz, txarangaren historia bildu dute, eta hainbat pasadizo eta anekdota kontatu dituzte. Gainera, kodeen bidez irakurleei zenbait abesti eta bideo historiko proposatu dizkiete. Hori guztia aurkezteko urtarrilaren 22an jarri dute hitzordua, Biterin, arratsaldeko 19:00etan. Aurreratu dutenez, ez da beharrezkoa izango aldez aurretik gonbidapenak eskuratzea.

Diska-liburua egin da txarangan 50 urtez jarraian egon den Joaquin Ortega Canarioren ikuspegitik. Eta, bestalde, liburuaren testuak fintzen Ainara Ortega hernaniarra aritu da.

Mende erdian zazpi disko grabatu dituzte, eta dibulgazio lana osatu nahi izan du txarangak, urrezko ezteien aitzakian. Azaldu dutenez, disko-liburuaren bitartez «txarangaren eboluzioa jaso nahi izan da, txarangaren musika lantzeko modua ere bai, eta baita zenbait gertaera ezagun nahiz eta ezkutuko beste zenbait ezagutarazi ere». Gehitu dute musika talde batek 50 urtez martxan jarraitzea ez dela batere ohikoa izaten, «eta garrantzitsua iruditzen zitzaigun orain artekoa musikaren eta hitzen bidez jasotzea». Horrela, disko-liburuarekin irakurleek eta entzuleen historian zehar bidaiatzea nahi izan dute Incansablesekoek. Horretarako, esan bezala, QR kodeak erabili ditzakete; irakurleei zenbait kantu proposatu dizkiete, eta beste hainbat bideo historiko ikusteko aukera emango diete. «Apustua izan da musika, hitzak eta bideoak biltzea» azaldu dute.

Disko-liburua herrietako taberna zein dendetan salgai egotearekin batera, txarangaren webguneko online dendaren bidez eskuratu ahal izango da, 20 euroren truke. Horrekin, taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie proiektua babestu duten Hernani, Tolosa, Amasa-Villabona, Bera, Lesaka, Valtierra, eta Leitzako udalei eta Leitzako Aurrera elkarteari.

 

1971tik, kaleak alaitzen

Duela 50 urte, 70garren hamarkadan, «ezustean» hasi ziren jotzen Hernaniko, Villabonako eta Tolosako bost gazte, eta orduan hasitako proiektu hark gaur egunera arte iraun du. Bost hamarkada daramazki Incansablesek Euskal Herriko zein kanpoko hamaika txoko, ekitaldi eta festa musikaz alaitzen. Izan ere, festa eta musika uztartzen jakin du taldeak, eta «horrek ekarri du Incansables erreferente nagusi bilakatzea txarangen munduan; baita Euskal Herritik haratago ere». Gainera, aipatu dute «gaur egun entzuten diren txaranga gehienen errepertorioa Incansablesek landutako konposizio eta moldaketan oinarrituta dagoela, baita txaranga gehienen instrumentalizazio eta formatua bera ere».

Incansablesen ikusleak eta entzuleak izan dira Euskal Herri osoko 180 herri baino gehiago, eta hortik kanpoko hamaika herri ere, azaldu dutenez. Horien artean daude Madril, Sevilla, Bartzelona edota Coruña, eta baita Frantziako hainbat hiri ere.

 

Leitzatik dator, Incansables txarangaren izena

Leitzan jarri zioten izena txarangari, 1971 urtean. Lehen aldiz elkartu eta taldea sortu zuten 5 gazte horiek jarri zioten izena, estreinako aldi hartan. Bost egunez ehundaka ordu jo omen zituzten, eta leitzarra ez zen andre batek halaxe esan omen zien: «parecéis incansables». Ordutik nekagaitz ibili dira. Musikariak aldatzen joan dira, eta taldea osatu dute leitzarrek, tolosarrek, hernaniarrek, villabonatarrek, lesakarrek, andoaindarrek, eta Euskal Herriko beste hainbat herritako musikariek. Denera, Gipuzkoako eta Nafarroako 50 partaide igaro dira txarangatik, orain artean.

 

Disko-liburua eskuratzeko, hainbat aukera

Incansablesek kaleratu berri duen disko-liburua Hernaniko hainbat txokotan egongo da eskuragarri, 20 euroren truke. Salgai egongo da Plaza Berriko kioskoan; Aralar, Oindi eta Txili tabernetan; eta online erosteko aukera ere badago www.incansablestxaranga.com webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!