Errugbia

Igor Genuak Ordiziarekin jokatuko du, denboraldi honetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 15a, 00:00

Igor Genuak Ordiziarekin jokatuko du, denboraldi honetan

Hernaniarrak atzo jakinarazi zuen, sare sozialetan, errugbira bueltatuko dela, bi urteren ondoren.

Errugbira bueltan izango da Igor Genua Sistiaga hernaniarra, eta Ordiziarekin ariko da, denboraldi honetan bertan. Atzo jakinarazi zuen Genuak berak, sare sozialen bitartez, talde goierritarrarekin jokatuko duela, datorren astean hasi eta denboraldia bukatu bitartean.

Ia bi urte daramazki hernaniarrak jokatu gabe, Hernaniko taldea eta errugbia utzi baitzuen 2018-2019 denboraldia bukatuta. Orain, Ordiziak jokalariak falta ditu uztartze-erdilari postuan; besteak beste, Alain Araña Kroaziara dijoalako ikastera, Erasmus bekarekin. Egoera horretan, Arañak utzitako hutsunea betetzeko asmoz, Genuarekin harremanetan jarri zen Ordizia.

Bi urtez jokatu gabe egotea, kaltetan izango du Genuak, eta sasoia berreskuratzea izango du aurreneko erronka. Ohorezko Mailako jokalari onenetakoa izan da hernaniarra, azkeneko urteotan, eta bere mailara bueltatuz gero, jokalari garrantzitsua izango da Ordiziarentzat.

Erretiratu arte, Hernanirekin jokatu du beti, eta hau izango du aurreneko aldia, herritik kanpoko talde batean. Espainiako selekzioarekin ere aritu da askotan, zazpiko errugbian, eta kapitain izatera ere iritsi zen. Selekzio horrekin aritu zen, hain justu, Rio de Janeiroko Joko Olinpikoetan, 2016an.
32 urterekin, berriro bueltatuko da berdegunera, Ohorezko Mailan, sailkapenean bosgarren dagoen Ordiziarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!