Amher

Herriko gazteen arteko topaketa antolatu du Amherrek gaurko, migrazioa ardatz hartuta

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 15a, 00:00

Urumea Herrigunean izango da, arratsaldeko 16:30etan hasita; eta gonbitea luzatu diete 18 eta 24 urte bitarteko gazteei. Elkartruke eta topaketa programa bat jarriko du martxan Amherrek, aurtengo aurreneko hilabeteetarako.

Herriko gazteei deialdi berezia luzatu die gaurko, Amher elkarteak: Hernaniko gazteen arteko bilera antolatu du, arratsaldeko 16:30etan hasita Urumea Herrigunean; eta migrazioa izango dute ardatz, bertan.

«18 eta 24 urte bitartean badituzu, pelikulak ikustea gustuko baduzu, eta bizi garen mundua interesatzen bazaizu, animatu bilerara», adierazi du elkarteak.
Amherrek jakinarazi du, elkartruke eta topaketa programa jarriko duela martxan, urte berri honetako aurreneko hila­­beteetarako. «Migrazioaren fenomenoa presente dago gaur egun, eta gero eta haundiagoa da pertsona migratzaileek duten eragina harrera gizartean: enpleguan, hezkuntzan, etxebizitzan, osasunean zein talka eta topaketa kulturaletan», azaldu dute. Horri begira, urtero antolatzen dute Migrazinea zikloa: «ondo ezaguna da, herrian udazkenean antolatzen dugun zikloa, zineaz eta migrazioaz hitz egiteko. Eta oraingoan, gazteak gonbidatu nahi ditugu, beraiei zuzendutako filmen ziklo honetara», aurreratu dute programaren antolatzaileek.

Zinea eta migrazioan protagonista, berriro

Hortaz, Migrazineak bezalaxe, zinea eta migrazioa izango ditu ardatz, Amherren programa berriak: «migrazioarekin lotutako gaiak jorratuko ditugu, eta arreta berezia eskainiko diogu ikuspegi baikorrari, gizartean eta eskolan arrakasta izateari; eta horrela, neurri batean aurre egin nahi diogu, pertsona migratzaileen irudi publikoari, arazo, gatazka, pobrezia eta zailtasun sozialekin lotzen den aldetik», nabarmendu dute.

Horregatik, Hernaniko gazte guztiei luzatu diete deia elkartetik, topaketa hauetara hurbildu eta parte hartzeko. Informazio gehiago behar duena, harremanetan jarri daiteke antolatzaile­ekin: 667 710 928 edo 650 294 390 telefono zenbakietara deituta; edota posta elektroniko bidez idatzita amhersosarrazakeria@gmail.com helbidera.

Ekimenean parte hartu nahi duten gazteek, Urumea Herrigunean daukate aurreneko hitzordua, gaur arratsaldean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!