Urte berriarekin batera, kultur jarduera ugari herritarrentzat

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 13a, 00:00
Urte berriko kultur agenda aurkeztu zuten atzo. Atzean, Hernaniko kultur webgune berria ikusi daiteke.

Urte berriarekin batera, kultur agenda berria martxan da, hala ere bi hilabeteka argitaratuko da, izan ere, «Covid-19ak data eta ordu aldaketak eragiten ditu». Hortaz gain, kultura arloak webgune berria sortu du eta sarrerak erosteko aukera dago bertatik, besteak beste. 

2021 urteari hasiera emateko asmotan, jadanik argitara atera da urte berriko kultur agenda. Urtarriletik maiatzera bitarteko ekintza, antzerki eta ikuskizun guztiak lotuta daudela adierazi dute antolatzaileek, «baina bizi dugun egoerak egun batetik bestera ekintzak moldatzea ekarri du, beraz bi hilabeteka argitaratuko dugu agenda. Hori horrela, urtarriletik otsailera bitartekoa atera dugu orain, hain justu». 
Hilabetea indar berrituta hasteko, gaur Los asquerosos liburuari buruzko solasaldia eskainiko du, Amaia Garciak. Arratsaldeko 19:15etan hasiko da, Biterin. Doakoa da baina bertaratzeko gonbidapena lortu behar da. 
Urtarrilarekin jarraituz antzerkia antolatu da   larunbat honetarako. Laika antzerkia eskainiko da Xirriquiteula treatreren eskutik, eguerdiko 12:00etan. 4 urtetik gorakoentzako izango da, eta sarrerak 3 euro balio du. Zinema zikloa ere urtarrilean hasiko da, 21ean hain zuzen ere, eta otsailean jarraipena izango du. 
Garbiñe Insausti hernaniarra eta Iñaki Salvadorren eskutik urtarrilaren 27an, musika kontzertuaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da,  Biterin. Sarrerak aurrez erosi behar dira, eta 7,5 euro balio du bakoitzak. 

Kultura Arloak, webgunea 
Webgune berria jarri du martxan Hernaniko Kultura Arloak: kultura.hernani.eus. Bertan, urte berrirako antolatuta dauden ekitaldiei buruzko informazioa dago, «zein ordutan egingo den, zein egunetan, zenbat balio duen sarrerak, argazkiak ere badaude... informazio ugari dago webgunean». Eta noski sarrerak eta gonbidapenak bertatik lortzeko aukera ere eskaintzen du. 
Urtarrileko emanaldietarako sarrerak gaurtik erosi daitezke, webgunean goizeko 09:00etatik aurrera jarriko dira salgai, eta Biterira ere  bertaratu daiteke.

Nogen, otsailaren 12 eta 13an 
Nogen taldeak bi kontzertu eskainiko ditu otsailean. Hasiera batean, «kontzertu bakarra eskaintzeko asmoa zegoen», hala ere, sarrerak berehala agortu zirela ikusirik, otsailaren 12rako beste kontzertu bat antolatu dute. Sarrerak otsailaren 1ean jarriko dira salgai. Modu presentzialean erosi daitezke Biterin, edo online erosteko aukera ere badago, Hernaniko kultura webgune berrian: kultura.hernani.eus.  

URTARRILA
13 Los asquerosos. Literatura 
Solasaldia, 19:15, Biterin. 
16 Laika. Haur antzerkia, 12:00, Biterin. Sarrera 3 euro. 
19 Erraiak. Literatura Solasaldia, 19:00, Biterin.
21 Bi urte, lau hilabete eta egun bat. Zinema Zikloa, 19:00, Biterin. Doan, gonbidapenarekin. 
27 Garbiñe Insausti & Iñaki Salvador. Musika, 19:00, Biterin. Sarrera 7,5 euro. 
28 Arzak since 1879. Zinema Zikloa, 19:00, Biterin. Doan, gonbidapenarekin. 

OTSAILA 
4 Caminho Lounge. Zinema Zikloa, 19:00, Biterin. Doan, gonbidapenarekin. 
9 Dendaostekoak. Emakumeen Euskal Literatura Mintegia, 19:00, Biterin. 
10 Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio). Aitziber Garmendia. Bakarrizketa, 19:oo, Biterin. Sarrerak: 7,5 euro
10 El inicio de la primavera. Literatura solasaldia, 19:15, Biterin. 
12 Nogen. Musika, 19:00, Biterin. Sarrera 7,5 euro. 
13 Nogen. Musika, 19:00, Biterin. Sarrera 7,5 euro. 
14 Kutsidatzu bidea, Ixabel. Antzerki musikala, 19:00, Biterin. Sarrera: 7,5 euro 
15 Musikarium. Haurrentzako antzerkia-Musika, 18:00, Biterin. Sarrera: 3euro. 
16 Abaro. Literatura Solasaldia, 19:00, Biterin. 
20 Kl´aa, zure kantua. Haur Antzerkia, 11:00/12:30, Biterin. Sarrera: 3 euro

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!