Azkeneko sailkatuaren kontra berdindu zuen Hernanik, Euskal Ligako aurreneko itzulia bukatzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 00:00
Bana berdindu zuen Hernanik Lakuarekin, larunbatean Zubipen.

Ezin izan zuten garaipena lortu txuri-berdeek, Zubipen, Lakuaren kontra (1-1). Jubenilen Liga Nazionalean, berriz, aurreneko partidua jokatu zuen Hernanik; baina porrota jaso zuen, Real Sociedaden kontra, Zubietan (3-1).

Ezin izan zuten modurik onenean hasi urtea, Hernaniko futbol taldeek. Euskal Ligako neskek eta jubenilen Liga Nazionaleko mutilek jokatu zuten asteburuan, eta aurrenekoek berdindu egin bazuten, bigarrenek porrota jaso zuten.
Azkeneko sailkatuaren kontra jokatu zuten txuri-berdeek, Lakuaren kontra, Euskal Ligan. Kontrario zuzena zuten aurrean Zubipen, eta garaipena oso garrantzitsua zen hernaniarrentzat; baina berdinketarekin kon­formatu behar izan zuten (1-1).
Denboraldiko aurreneko garaipena lortzeko asmoz zelairatu ziren txuri-berdeak, eta ondo ekin zioten. Baina partiduaren jabe zirela, eta gol aukerak izan zituzten arren, Lakua izan zen markagailuan aurreratu zena, hernaniarren despiste bat aprobetxatuz. Gola kolpe gogorra izan zen txuri-berdeentzat, eta behera egin zuten hortik aurrera, aurreneko zatia bukatu arte.
Atsedenaldiak balio izan zien ideiak argitzeko, eta indartsu bueltatu ziren zelaira, partiduari buelta eman nahian. Berdinketaren gola lortu zuten horrela, eta izan zituzten aukera gehiago ere, garaipenaren gola lortzeko; baina ez zuten asmatu azkeneko metroetan.

Liga Nazionaleko estreinakoa, konplikatuegia Zubietan
Urteko aurrenekoa ez ezik, Liga Nazionaleko estreinakoa ere bazen asteburuko partidua, Hernaniko mutil jubenilentzat. Eta konplikatuegia zuten lehenengo hitzordua, Real Sociedaden kontra, Zubietan. Edonola ere, Realari aurre egiteko gai izan ziren txuri-berdeak, eta 3-1eko emaitzarekin galdu zuten. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!