Joan den asteazkenean, Errege egunean, eman zioten amaiera aurtengo Bertsolatari. Iraulio Panttalone Bertso Kabiyak antolatuta eta Hernaniko Udalaren laguntzarekin, punta-puntako bertsolariak izan ziren protagonista aurtengo egitarauan. Adin guztietako herritarrentzat antolatu zituzten saioak, eta balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. «Aurtengo egoera berezia izanagatik ere, arrakastatsua izan da ekimena», esan dute. Gainera, eskerrak eman nahi izan dizkiete ekitaldietara hurbildu ziren guztiei, eta adierazi dute segiko dutela «kultura eta bertsolaritza sustatzen».
Abenduaren 12an eman zioten hasiera Bertsolatari, bertso-tramarekin. Milagrosan egin zuten estreinaldia, eta bertan izan ziren bertsotan Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal eta Maialen Lujanbio hernaniarra. Eider Rodriguez aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta erakustaldi bikaina eman zuten denek. Ondoren, Eli eta Manex Pagola ereñotzuarrek heldu zioten egitarauari. Kontzertu bat bertsotan emanaldia eskaini zuten anai-arrebek Milagrosan, baita ere. Elik jarri zuen ahotsa, eta Manexek biolinarekin lagundu zuen arrebaren bertsoa. Horrela, ikustaldi borobilaz gozatu ahal izan zuten bertaratu ziren guztiek.
Martxa hartuta, abenduaren 23an Kattalin Minerrek gidatutako mahai ingurua izan zen Biterin. Uxue Alberdi, Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran bertsolariak aritu ziren solasaldian. Alberdiren Kontrako eztarritik liburutik abiatu ziren, generoaren gaia erdigunera ekarrita. Bertsolaritzan ematen ari diren aldaketak izan zituzten hizpide bertsolariek, eta orain arte izan duten ibilbidea eta bizipenak kontatu zituzten saioan, etorkizuna nola irudikatzen duten eta aurrera begira zer espero duten ere helarazita.
Urtea amaitu baino egun bat lehenago, abenduaren 30ean, gaztetxoentzako saioa egin zuten kultur etxean. Eneko Arrateren gidaritzapean, Agin Laburu eta Asier Azpiroz aritu ziren bertsotan. Arratsalde dibertigarria izan zuten 8 eta 14 urte bitarteko gazteek, Arratek giro aparta jarri baitzuen oholtza gainera igo zituen apaingarriekin. Buruan peluka zuela eta betaurreko erraldoiak soinean jantzita jarri zizkien gaiak Laburu eta Azpirozi, eta barre-algaren artean amaitu zuten urtea bertaratu ziren gaztetxo guztiek.
Eta bukatzeko, 2021ean sartuta, Bertsolataren azken emanaldia egin zuten Biterin. Bertso jaialdia izan zen, punta-puntako bertsolariekin. Unai Agirrek hartu zuen gai-jartzailearen papera, eta tabladu gainean aritu ziren kantuan Andoni Egaña, Alaia Martin, Onintza Enbeita eta Aitor Mendiluze.
Plaza guztiak bete ziren
Koronabirusa dela eta, emanaldietarako aforoa mugatua izan zen. «Saio guztietan segurtasun neurri guztiak bete dira, baina pena izan da, aforo kontuengatik, pare bat saiotan interesa zuten guztiek saioaz ezin gozatu izana», kontatu dute Bertsolatako antolatzaileek. Dena dela, hori arrakastaren aztarna da, plaza guztiak bete zirelako emanaldi guztietan.
Aurretik esan bezala, hasieran aurkeztu zuten egitarauetik ezin izan zituzten emanaldi guztiak aurrera eraman. Izan ere, erronda suspenditu egin behar izan zuten. Hala ere, azaldu dutenez, «errondak bertan behera geratu badira ere, aurreikusitako saio guztiak egin dira». Beraz, amaiera bikaina eman zion bertsolaritzak urteari Hernanin, eta ederki hasi zuten 2021a, azken jaialdiarekin.