Dobera Euskara Elkartea

Hamaika ekintza egin zituzten hernaniarrek, Doberak antolatutako plangintzarekin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 00:00
Eskeletoa mugituz eman zioten amaiera 2020ari, euskal zumbara animatu ziren herritarrek.

«Emaitza oso positiboa izan da, eta asko eskertzen dugu jendeak izan duen erantzuna».

Pasa den Gabonak ezberdinak eta ez-ohikoak izan baziren ere, aski dibertigarriak izan ziren hernaniarrentzat. Izan ere, Dobera Euskara Elkarteak plangintza zabala antolatu zuen abenduan eta urtarrilean egiteko. Guztira 5 dinamikako egitaraua izan zen, Gabonetan herrian egiteko. Ekintza gehienak Atsegindegin izan ziren, eta «arrakasta haundia» izan zuten, jende ugarik eman zuelako izena. Gainera, Gabonak familian eta euskeraz lelopean sortu zuen Doberak plangintza hori, eta, beraz, entretenitzeko aukera izateaz gain, etxekoekin eta lagunekin barre-algarak egiteko eta denbora pasatzeko modua ere izan zen.

Esan bezala, denetarik egiteko tartea izan zen Doberarekin. Abenduaren 22an ekin zioten plangintzari, eta hasiera bikaina eman zion euskal zumbak prestatutako ekintzen agendari. Aitziber Garin, Andoni Rekondo eta Malen Ezeiza begiraleek gidatu zuten saioa, eta herritarrek beraien pausoak jarraitu zituzten, koreografia osoak egin arte. Haurrak, gazteak eta helduak bertaratu ziren Atsegindegira, baina, kasu honetan, etxeko txikienak izan ziren emanaldiko protagonistak; ia ordubetez burutik hasita oineko azken behatzera arte mugitu zuten eskeletoa, eta helduek aho-zabalik erreparatu zieten, umeek txundituta utzi baitzituzten beraien dantzarako talentuarekin. Oholtza gainera igotzera ere animatu ziren batzuk, eta goiz ederra izan zuten guztiek.

Hurrengo ekintza buruarinen tailerra izan zen. Bi saio prestatu zituzten Doberakoek, Tantai-eko lagunen laguntzarekin. Dinamika horretarako izena eman behar zen aurrez, eta ziztu bizian bete ziren plaza guztiak. 12 buruarinen artean modelo bat aukeratu eta ikastaroan hori egiteko aukera izan zuten. Bi orduko ekintza izan zen, eta emaitza bikainak lortu zituzten haurrek eta gazteek. Arduradunen argibideak jarraituta eta helduen laguntzarekin, piratak, tartalo eta beste hainbat pertsonaia irudikatu zituzten.

 

Herriko kultura eta historia ezagutzeko aukera izan zen

Antolatutako beste dinamiketako bat Ezkutuko altxorren bila izan zen. Abenduaren 26n eta urtarrilaren 2an goiz-pasa izan zuten herriko familiek, kuadrilek eta gainerako herritarrek. Guztira 66 lagunek eman zuten izena, eta herriko txoko ezberdinetan gordeta zeuden pistak topatu behar izan zituzten. Patineteen eta bizikleten laguntzarekin, Hernaniko historia eta kultura-ondarea ezagutzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek.

Eta, azkenik, programatutako azken ekintza Apaxiren ipuin-kontaketa izan zen. Goiz dibertigarria izan zuten herritarrek eta barre-algaren artean eman zioten hasiera 2021ari, haurrek zein helduek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!