Boleibola

Garaipen haundia lortu du Hernanik, Udapa Jatorkide indartsuaren kontra, urteko aurreneko partiduan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 12a, 00:00
Hernaniko jokalari bat, baloia altxatzeko asmotan, igandean Udapa Jatorkideren kontra.

3-0 nagusitu ziren hernaniarrak, kiroldegian, talde gasteiztarraren kontra bere maila onena erakutsita. Bigarren itzulia hasita, Euskal Ligako lider dago orain, gainerako taldeek baino partidu gehiago jokatu dituen arren.

Ondo bukatu zuen 2020 urtea Hernanik, Euskal Ligan garaipena lortuta; eta are hobeto hasi du urte berria: 3-0 nagusitu zitzaion igandean, Udapa Jatorkide talde indartsuari.

Urteko aurrenekoa ez ezik, bigarren itzuliko estreinako par­tidua zuten hernaniarrek, kiroldegian. Eta bere maila onena erakutsi zuten etxean: «gustura bukatu dugu partidua, maila ona emanda. Nabaritu da aurten Gabonetan ere entrenatu eta jokatu dugula, eta beraz, aurreko urteetako etenaldirik ez dugu izan. Horrek mesede egin digu, kantxan erakutsitako joko mailari», nabarmendu zuen Eusebio Lizarazuk, taldeko entrenatzaileak, partiduaren ondoren.

Partidu gogorra espero zuten hernaniarrek, eta halaxe izan zen, nahiz eta espero baino erosoago ekin zioten, aurreneko jokoan. Izan ere, erraz gainditu zuten talde gasteiztarra, aurreneko joko horretan (25-13). Primerako maila eman zuten hernaniarrek, eta akatsik ere ez zuten egin.

Bigarren jokotik aurrera, ordea, hobeto aritu zen Udapa, eta gogortu egin zen partidua. Hernanik, gainera, zenbait akats egin zituen, eta horiek baliatu zituzten arabarrek, markagailua orekatzeko. Berdinduta izan ziren joko osoan zehar, baina hernaniarrak aurretik iritsi ziren azkeneko tantoetara, eta eusteko gai izan ziren. 25-22 irabazi zuten jokoa, eta gertuago zeukaten garaipena.

Baina Udapa ez zegoen amore emateko, eta bere maila onena ematera atera ziren hirugarren jokoan. Oso borrokatua izan zen jokoa, baina berriro ere, aurretik iritsi ziren hernaniarrak azkeneko tantoetara (22-20); eta berriro ere, asmatu zuten abantailari eusten, jokoa eta partidua irabazteko (25-23).

«Beste partidu batzuetan ez bezala, jakin dugu abantaila mantentzen, azkeneko bi jokoetan», azaldu zuen Lizarazuk.

Garaipen horrekin, Euskal Ligako lider dago Hernani, bederatzi partidutik sei irabazita. Dena den, gainerako taldeek baino partidu gehiago dauzka jokatuta, eta beraz, baliteke Bera Berak eta Navarvoleyk aurrea hartzea, jokatzeko dauzkatenak irabaziz gero. Edonola ere, hiru talde horien artean jokatuko dituzte aurreneko postuak, Udapa urrundu ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!