Bihar jarriko dituzte salgai, NAIZ kontzertuetarako sarrerak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 11a, 00:00

Brigade Locok eskainiko du kontzertuetako bat. Argazkia: Poli Karpo Photography

Atsegindegin egongo dira, bihar eta etzi 16:30etatik 20:30etara, Hernaniko herritarrek lehentasuna izateko.

Urtarrilaren 22tik 24ra, lau emanaldi izango dira Hernaniko kiroldegian, NAIZ kontzertuen barruan: ostiralean, Skakeitan 19:30etan; larunbatean, Brigade Loco 17:30etan eta Des-Kontrol 19:30etan; eta igandean, Zea Mays 19:30etan. Eta guztietarako sarrerak, bihar eta etzi jarriko dituzte salgai estreinakoz: Atsegindegin jarriko dute postua bi egunetan, hernaniarrei lehentasuna emateko, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara; edo sarrerak bukatu arte, lehenago ha­la gertatuz gero.

Kontzertu bakoitzerako sarrera 10 euro izango dira, eta kontzertu bat baino gehiagorako sarrerak erosi ahal izango ditu pertsona bakoitzak; baina gehienez ere sei sarrera eskuratu ahal izango ditu.

Sarrerarik soberan geratuko balitz, ostegunean jarriko dituzte salgai internet bidez, Naizen webgunean. Egun horretatik aurrera eskuratu ahal izango dira sarrerak, baita ere, kontzertuak etxetik online ikusteko. 2,5 euro izango da bakoitza, eta lauak ikusteko bonoa ere eskuratu daiteke, 8 euroan.

Gainera, kontzertu bat kiroldegian bertan ikusteko sarrera erosten duenak, doan ikusi ahal izango ditu gainerako hirurak online, etxetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!