Aurrekoa bukatu bezala hasi du urte berria Hernanik: nagusitasunez irabazita Uribealdeari

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 10a, 00:00
Hernaniko jokalari bat baloia jokoan jartzeko prest, eta hiru taldekide babesa ematen, atzo Uribealdearen kontra.

52-7 gailendu ziren trikoloreak atzo, Landaren. Aurreneko zatian eutsi zioten bizkaitarrek, baina bigarrenean jaun eta jabe izan zen Hernani, eta bost puntuak eskuratu zituen, Ohorezko B Mailako lider jarraitzeko, 35 punturekin.

Bi astez atseden hartu ondoren, atzo bueltatu zen lehiara Hernani, Ohorezko B Mailako zazpigarren jardunaldiarekin. Eta geldialdiak geldialdi, aurrekoa bukatu bezala hasi dute urte berria trikoloreek: nagusitasunez irabazi zioten Uribealdeari (52-7) atzo, Landaren.

Aurrekoetan baino gehiago kosta zitzaien tartea egitea markagailuan, baina jokoan nagusi izan ziren hasieratik. Hirugarren saiakeran lortu zuten estreinako entsaioa, Eneko Noriegaren eskutik, Martxel Aramendik bizkarretik emandako pase ederra aprobetxatuz. Erraz lortu zuen transformazioa ere, Anartz Elosegik (7-0). Uribealdeak pauso bat aurrera eman zuen orduan, baina berriro eraman zuen partidua bere tokira Hernanik, eta 21garren minutuan lortu zuen bigarren entsaioa David Pelazek, ezkerretik eskuinera pasez pase egindako jokaldi bikaina borobilduz (12-0). Hurrengo jokaldian, ordea, trikoloreen akatsa aprobetxatu zuen Uribealdeak, markagailuan gerturatzeko (12-7).

Hortik atsedenaldira, berdindu egin zen partidua, baina aldageletara joan aurretik, puntu bat gehiago estutu zuen Hernanik Uribealdea, eta hirugarren entsaioa lortu zuen, Noriegaren eskutik hori ere; eta Elosegik transformatu berriro (19-7). Laugarrena egitekotan ere izan zen Hernani, azkeneko jokaldian, Elosegiren korrikaldi luze bati esker; baina azkeneko metroetan huts egin zuten trikoloreek, paseetako bat aurrera emanda. 19-7koarekin egin zuten aldageletarako bidea, beraz.

Partidua hautsita, bigarrenean

Parekotasuna erabat desagertu zen, bigarren zatia hastearekin batera. Izan ere, Hernani jaun eta jabe izan zen jokoan, eta bata bestearen atzetik pilatu zituen entsaioak, Santi Muñoz, Mikel Bidegaray, Beñat Ariceta, Anartz Elosegi eta Eric Goñiren eskutik. Bost horietatik lautan lortu zuen transformazioa Elosegik, gainera. Hori horrela, eta Uribealdeari puntu gehiago baimendu gabe, 52-7ko emaitzarekin borobildu zuen 2021eko estreinaldia Hernanik, Landaren, erasoko bonus eta guzti. Atzoko bost puntuekin, lider jarraitzen du, 35 punturekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!