Ur kontagailuen irakurketak hasiko dira

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 9a, 00:00

2020ko hirugarren eta azken lauhilekoen ur kontagailuen irakurketak datorren astean hasiko dituzte Hernanin.

Udal langileak ur kontagailuen irakurketei ekingo die datorren astetik aurrera. Azaldu dutenez, kontagailu batzuk atarietan daude eta, beraz, horiekin ez dago arazorik. Beste batzuk, etxe barruan egonda ere, irrati bidezko seinalea igortzen dute eta horrela irakur daitezke. Hala ere, beste irakurgailu batzuk, berriz, etxe barruan daude eta lekuan bertan irakurri behar dira ezinbestean.

Hori horrela, kontagailua irakurtzeko etxeetara sartzea beharrezkoa den kasu horietan, abonatuak berak eman ahal dio irakurketaren berri udalari, urtarrilaren 30a baino lehenago.   

Bestalde, COVID-19ak sortutako osasun larrialdia dela eta, bai herritarrak bai udal langileak babesteko helburuz, udalak helarazi du irakurketa horiek ezin direla ohiko moduan egin. Beraz, aurreko bi lauhilekoetan egin den moduan, hainbat irtenbide proposatu dituzte.

 

Irakurketen berri emateko 3 aukera eman ditu Udalak

Hiru modu daude herritarrek udalari irakurketaren berri emateko: lehenengoa telefonoz, 943 33 08 05 zenbakira deitu eta abonatuaren izena, helbidea eta irakurketa ematea; bigarrena e-postaz, zerbitzupublikoak@hernani.eus helbidera beraien izena eman eta helbidea eta irakurketa bidaltzea; eta hirugarrena, aurrez aurre izango da. Azken horretarako Florida Auzoko 100 zenbakiko pabiloira irakurketa inprimakia eraman beharko da. Bertan izango da horretarako dagoen postontzia, eta hor utzi beharko dute herritarrek, aipatutako dokumentua.

 

Kontsumoaren estimazioa egingo du Udalak, irakurketa egiten ez bada

Halaber, beste kasu batzuetan egin izan duten moduan, irakurketa bat egitea ezinezkoa izaten bada, udal langileek postontzietan utziko dute inprimaki bat. Dokumentu horretan irakurketak emateko telefonoa azaltzen da. Azkenik, udalak adierazi du urtarrilaren 30erako irakurketa jakinarazten ez duen abonatuari, aurreko kontsumoetan oinarrituta, estimazio bat egingo diotela eta hori fakturatuko diotela.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!