Abian da, pandemiari aurre egiteko kanpaina

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 9a, 00:00

Zortzi hernaniar dira kanpainako protagonistak, eta helburua da herritarrek arduraz jokatzeko mezua zabaltzea.

Hernaniko Udalak pandemiari aurre egiteko sentsibilizazio kanpaina jarri du abian. Adineko pertsonak, beraien zaintzaileak, gurasoak, haurrak, gazteak eta kolektibo guztien ordezkariak ageri dira karteletan. Udalak jakitera eman duenez, kanpainak adierazi nahi duena da «gure artean elkar zaintzeko  beharra dagoela».

Helburu hori aintzat hartuta, lau kartel sortu dituzte, eta horiek dira kanpainako irudia. Hernaniarrak direnen hainbat kolektibo islatu nahi izan dituzte, eta hauxe da zabaldu nahi duten mezua: «gutako bakoitzaren ardura dela bere burua zaintzea, hori eginda ondokoak ere zainduko ditugulako».

Kartelak herri osoan dauden garbigune txikietan egongo dira ikusgai, datorren astetik aurrera, «kalean ibiltzen ari garenean gogoan izan dezagun», aipatu dute Udalekoek. Hori guztiagatik, eskerrak eman nahi izan dizkiete kanpainan borondatez parte hartu duten hernaniarrei, «herritar guztien hobe beharrez haien irudia eman dutelako».­ 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!