Argentinak egun historikoa bizi zuen joan den abenduaren 30ean. Izan ere, urteetako borroka luze baten ostean, Senatuak abortu boluntarioa legeztatu zuen, 14garren astera arte. 38 senatarik eman zuten aldeko botoa, eta 29k, berriz, kontrakoa. Abstentzio bat ere izan zen. Mugimendu feministaren urteetako aldarrikapena izan da, eta egun hartan kalean milaka lagunek ospatu zuten erabakia. «Milaka kilometrotara egon arren, emozioz beteta bizi nuen momentua nire anaiarekin eta hemen bizi den lagun argentinar batekin», kontatu du Bego Martinezek. Argentinako Necoechea hirian bizi den irakaslea eta Abortu Legala, Segurua eta Doakoaren aldeko Kanpaina Nazionalaren militante aktibista da. «Nire ahizpa Hernanin bizi da duela 18 urtetik, eta nire ilobak ere hemen bizi dira. Nire ama Eibarren jaio zen eta familia erdia ere euskalduna dut», azaldu du.
Alberto Fernandez presidenteak bultzatu zuen proiektua, baina, esan bezala, talde eta mugimendu feministek urteak eman dituzte abortuaren legeztatzearen alde egiten. «Nik sendo diot hau guztiaren alde egin duena mugimendu feminista izan dela, eta ez gobernua. Egia da agenda politikoan jarri zuela Fernandezek, baina garaipena gurea da, mugimendu feministarena».
Gainera, bigarren aldia da Argentinan gai hori eztabaidatzen dutela eta, hortaz, poz haundiz eta malkoak begietan zituztela ospatu zuten erabakia. Hain justu ere, 2018an plataforma zibil batek egindako antzeko testu bat onartu zuten Kongresuan, baina Senatuan, aldiz, ez zuen onarpena izan. Mauricio Macri zegoen lehendakaritzan garai hartan, eta bera ez zen abortuaren alde azaldu. Hala ere, urtebete geroago, Fernandezek, egungo presidenteak, hauteskunde-kanpainan adierazi zuen lege berria bultzatuko zuela. Eta horixe bera egin du: senatuak proiektua onartu du eta abortu boluntarioa legeztatu da. Lehendakaria katolikoa da, baina, bere esanetan, «herritar guztientzat gobernatu behar da». Gainera, Fernandezek adierazi du abortua legeztatu izanak Argentinako gizartea «hobea» izatea ekarriko duela, «emakumeen eskubideak haunditzen dituelako, eta osasun publikoa bermatzen duelako».
Dena den, mugimendu feministak aurrerapauso hau berea izan dela defendatzen du. Martinezen esanetan, «2018 urtean senatuan aurkeztu zen proiektu hori gaur egun onartu dutena da, eta hori guk egin dugu. Duela bi urte ni han egon nintzen, Kongresuan, eta kolpe latza izan zen onarpena ez ematea», esan du Martinezek. «Ez hori bakarrik, hau haratago doa; borroka hasi zen Argentinan demokrazia bueltatu zenean eta 1984ko martxoaren 8an emakumearen nazioarteko eguna lehenengoz ospatu zenean. Lehenengo pankartak ikusten hasi ziren egun hartan, eta, orain, 30 urte beranduago, eskatzen genuena lortu egin dugu».
Martinezen esanetan, 1986 urtean hasi ziren Emakumeen Topaketa Nazionala urtero egiten. «Ordutik, herrialde osoko hiri, herri eta txoko ezberdinetan biltzen gara, eta hitzaldiak ematen ditugu, kontzientziazio lanak egiten ditugu, azalpenak eman eta hezkuntza sexuala lantzen dugu». Hori horrela, abortu legalak argia duela 10 egun ikusi bazuen ere, aspaldiko kontua da lanketa hori. «Mugimendu feministak urteak eman ditu horren alde egiten, eta marea berdea gero eta haundiagoa egin da; alegia, gero eta gehiago gara abortu legala, segurua eta doakoa eskatzen dugunak».
Horrekin batera, argentinarrak argi utzi du marea berdeak ez duela emakume kontzeptua erabiltzen lege edo eskubide horri erreferentzia egiteko. «Ez dugu esan nahi abortatzeko eskubidea soilik emakumeek dutela; gestatzeko ahalmena duen ororena dela adierazi nahi dugu».
«1921 urtean onartu zen Argentinan Haurdunaldiaren legezko etenaldia, baina inoiz ez da bete; are gehiago, emakumeak espetxe zigorrera kondenatu dituzte. Beraz, guk eskatzen duguna da hori betetzea eta aplikatzea»
Necoechea hirian indar haundia du Kanpainak, eta horren kide da Martinez.
Legala, segurua eta doakoa
Abortu Legala, Segurua eta Doakoaren aldeko Kanpaina Nazionalak hori bera eskatzen du, abortatzeko eskubidea legala, segurua eta doakoa izatea. «2005ean kontsolidatu zen Kanpaina hori, eta gaur egun 700 talde politikok, sindikalek eta sozialek baino gehiagok osatzen dugu mugimendua. Emakumeak ez ezik, gizonezkoek eta disidenteek (gizarteak finkatuta dituen generoen kontzeptuaren barruan definitzen ez dena) ere osatzen dute sarea, eta bertan daude osasungintzan profesionalak diren taldeak eta norbanakoak, irakasleen sareak eta beste hainbat eragile». Kanpainaren leloa hauxe da: Hezkuntza sexuala, erabakitzeko; antisorgailuak, ez abortatzeko antisorgailuak; eta legezko abortua, ez hiltzeko. Azaldu duenez, gaur egun senatuan onartu den proiektua Emakumeen Topaketa Nazionaletan sortzen hasi zen, eta 2005ean Kanpaina osatu zenean, testua idazten, indartzen eta forma ematen joan ziren, 15 urte beranduago behin-betiko onartu den arte. «2018an ez ezik, guztira 8 aldiz saiatu gara proiektu legegile horrekin abortua legalizatzen».
Gauzak horrela, aldaketa nabarmena izan da aurreko legearen eta orain onartu duten proiektuaren artean. Orain, abortuaren legeak aukera ematen du haurdunaldiaren hamalaugarren astera arte haurdunaldia borondatez eteteko eta ondoren sistema arreta jasotzeko. Halaber, hamalaugarren aste horretatik aurrera, abortua soilik legala izango da kasu hauetan: amaren bizitza arriskuan badago; edo, bestela, emakumea bortxatua izan bada.
Gainera, esan bezala, abortua osasun-sistemako zerbitzuetan edo haren laguntzarekin egin beharko da. Horretarako, gehienez ere 10 eguneko epea egongo da, eskatzen denetik zenbatzen hasita. Prozesua doakoa izango da beti, eta diagnostiko-prestazioak, sendagaiak eta laguntza-terapiak ere dohainik eskainiko dira. Horrekin batera, haurdunaldia etetea erabakitzen duten emakumeen konfidentzialtasuneko eskubidea dute, eta abortuan parte hartu nahi duten medikuek eskubide hori bermatu beharko dute. Era berean, abortuan parte hartu nahi ez duten osasun-langileek kontzientzia-eragozpena baliatu ahalko dute.
«Aipatu moduan, abortua legala, segurua eta doakoa izatea nahi dugu, eta horren alde borrokatu dugu Kanpainarekin. Ondorioz, abortatuko den lekua pertsona horrentzat goxoa izatea nahi dugu; hau da, edozein modutan egin behar ez izatea. Helburua da segurua izatea, eta hori egin behar duena babestuta eta gustura sentitzea».
Esanak esan, Martinezek jakin badaki Argentinako emakume eta herritar guztiak ez daudela abortua legeztatzearen alde. «Noski, badaude kontra daudenak, antieskubideak direnak». Hori esatean, erlijioagatik galdetu diot: Zerikusirik al du sinesmen kontuak hemen? Martinezen erantzuna ezezkoa izan da. Hauxe erantzun du: «Kanpainan badaude erlijiosoak diren taldeak eta norbanakoak, eta abortuaren legalizazioaren alde bozkatzeak ez du esan nahi erlijiosoa izateari utziko diotenik; eskubide bat da, ez inposizioa».
Klase sozialen kontua
«Guk eskatzen duguna abortuaren kontzeptu orokorretik ulertzen dena baino haratago doa», azpimarratu du. «Abortua osasun publikoaren barruan egon behar den zerbait dela ziurtatu nahi dugu. Are gehiago, ez da guztiz horrela, baina piramidearen azkeneko eskailera dela esan genezake. Izan ere, aurretik lanketa haundia egin behar da eskoletan, instituzioetan, erakunde publikoetan zein pribatuetan... eta horretan gabiltza», esan du. Hain justu ere, Kanpainak indarra hartu zuenetik hitzaldiak, konferentziak, ikastaroak eta bestelako dinamikak egiten dituzte, gaiaren gainean informatuta egoteko.
«Ezinbestekoa da hezkuntza sexuala izatea eta informatuta egotea». Izan ere, helarazi duenez, informazio falta dago. «Nik beti diot guretzat Argentinan abortu legalaren aldeko borroka dela justizia sozialaren lemapean dagoen zerbait, betiere ulertuta Hego Amerikako testuinguruan dagoela pobrezia haundia eta berdintasun sozial eza».
Horren harira, argentinarrak azaldu du bere herrialdean klase sozialen arteko aldea «oso nabarmena» dela. Errealitate hori erdigunean jarrita salatu du abortua Argentinan «beti» egon izan dela. «Emakume aberatsek beti izan dutelako abortatzeko aukera eta gainerako guztiek, berriz, ez». Horregatik, mugimendu feministaren borroka pauso bat aurrerago doa. «Informatuta egoteko eskubidea nahi dugu, eta gizarteko sektore sozial guztiek izan dezatela erabakitzeko eskubidea eta bizitza duina izateko aukera; eta ez soilik, ordea, diru kopuru haundia dutenek».
«Borroka ez da amaitu, orain lortu behar duguna da onartu duten hori guztia betetzea; beraz, orain arte bezala, borrokatzen jarraituko dugu»
Necoechean bildu ziren ehunka lagun abenduaren 30ean, Argentinako bandera atzean dutela eta zapi berdea eskutan helduta.
«Legeak aukera ematen du, ez du ezer inposatzen»
Abenduaren 30ean onartu zen abortatzeko eskubideak «aukera» ematen duela azaldu du Argentinarrak. «Erabakitzeko eskubidea da, alegia, haurdunaldia izan dezakeen pertsona horrek abortatu nahi duen ala ez erabakitzea ahalbidetzen du». Argi utzi nahi izan du hori, izan ere, «hori da Kanpainak eskatu duena: lege honek aukera ematen du, ez du ezer inposatzen», zehaztu du Martinezek.
Izan ere, lege hau onartu aurretik klandestinitatean milaka abortu ilegal egon direla salatu du, «eta hori oso gogorra eta bidegabea da». Hain justu ere, datu estraofizialek ondorioztatzen dute urtean 447.000 abortu ilegal egiten direla Argentinan. Martinezek hainbat adibide eman ditu, eta Belenen kasua jarri du mahaigainean. «Ez da bere benetako izena, noski, baina kasu hori da 2015ean abortatu zuen emakume batena. Zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten abortatzeagatik», esan du. «Entzuna izan da ere, 2006an gertatu zen Ana María Sevedoren kasua; 19 urte zituen, minbizia zuen eta medikuak ez zioten radioterapia eman nahi izan, haurdun zegoelako. Horren ondorioa izan zen bere heriotza.
Hala ere, Argentinako historian lehenengo aldiz kasua Gorte Gorenera iritsi zen eta medikuak epaitu eta kondenatu zituzten, pertsona horren eskubideetako bat ezeztatu zutelako eta lesio larriak eragin zizkiotelako». Azken horrek, dio, «bultzada eman zion Kanpainari eta abortua modu seguru, legal eta doako bat lortzearen helburuari». Horrekin, salatu nahi izan du «tamalgarria» dela horrelako ezbeharrak gertatu behar izatea «gure hitzak oihartzuna izateko».
«Borroka ez da amaitu»
Elkarrizketa bukatu aurretik Martinezek adierazi du prozesuarekin jarraitu beharra dagoela eta borroka ez dutela amaitu. «Marea berdea haunditzen eta haunditzen doa; hasieran 5 ginen, gero 10, eta orain milioika herritarrek osatzen dugu sarea. Horrekin, pixkanaka kondena sozialarekin amaitzen ari da. Izan ere, telebistan, irratian eta hedabide guztietan hitz egiten hasi zen. Esan dizudan moduan, sarea haunditzen joan da, lan haundia egin dugulako atzetik. Ikerketa lanak egin ditugu eta egiten jarraitzen dugu, ikastaroak, tailerrak eta hitzaldiak egin ditugu. Ekintza eta topaketa horietara Hego Amerikako gainerako herrialdeetako jendea ere etorri da, eta egindako lanak oihartzuna izan du. Horregatik guztiagatik, orain arte lortutakoa martxan jartzeko eta proiektu legegilea praktikan aplikatzeko lanean jarraitu behar dugu», argitu du argentinarrak.