EAJ-PNV

Udal Aurrekontuari egindako zuzenketei buruz, argibideak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 8a, 00:00

Bere proposameneko puntu batzuetan gaizki ulertuak izan zitezkeela eta, argitu egin nahi izan ditu Hernaniko EAJ-PNVk.

Abenduaren 22an onartu zituzten behin behinean, ezohiko Ple­noan, Hernaniko Udal Aurrekontuak, 2021 urterako. Horren kontra bozkatu zuen EAJ-PNVk Plenoan, «EH Bilduk gure proposamenei eman dien erantzuna ikusita». Eta aditzera eman zuen, zein izan ziren alderdi jeltzaleak aurkeztutako proposamen eta zuzenketak.

Zuzenketa horien azalpenetan, baina, gaizki ulertuak izan zitezkeela ohartu da Hernaniko EAJ-PNV, eta argitu egin nahi izan ditu, badaezpada ere.

Guztira 1.225.000 euroko kopurua zuten zuzenketak proposatu zituen EAJ-PNVk, eta diru hori lortzeko, honako aldaketak proposatu zituen: «aholkulariak ezabatuta (165.000 euro urteko), atez ateko sistema aldatuta (655.000 euro), GA.06 eremuko garapena atzeratuta (1.577.699 euro), eta Galarretan bide berri baten garapena atzeratuta, Aldundiaren eskumenekoa dena (1.198.530 euro)». Aldaketa horiekin, 3.596.989 euro gehiago izango lituzke Udalak, eta EAJ-PNVk proposatutako aldaketak txertatuta (1.225.000 euro), izango lituzke beste 2.371.989 euro, «COVIDak urtean zehar edo etorkizunean sortuko lituzkeen beharrei erantzuteko», azaldu dute alderdi jeltzaletik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!