Nøgen taldearen kontzertua izango da otsailaren 13an Biterin, eta bihar jarriko dituzte sarrerak salgai

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 7a, 00:00

Biterin izango da otsailaren 13an, Nøgen taldea osatzen duen boskotea.

Goizeko 09:00etatik aurrera eskuratu ahal izango dira, Biterin bertan edo internet bidez: entradium.com/eu/events/nogen-hernani

Datorren astean aurkeztuko du Hernaniko Udaleko kultura sailak, Biteriko negu-udaberriko programazioa. Baina egitarauko kontzertuetako bat aurreratu du dagoeneko: Nøgen musika talde donostiarra izango da Biterin, otsailaren 13an. Under Alt aurkeztuko du taldeak bertan, Beste-Bat zirkuituaren barruan.

Eta oraindik hilabete pasatxo falta bada ere, bihar bertan jarriko dituzte sarrerak salgai, kontzerturako. Goizeko 09:00e­ta­tik aurrera eskuratu ahal izango dira, Biterin bertan, edo internet bidez: entradium.com/eu/events/nogen-hernani. 7,5 euro izango dira, eta pertsona bakoitzak lau sarrera eskuratu ditzake, gehienez ere.

«Nøgen taldearen lan berria ez da aurrekoarekiko erabateko haustura, baina ezin esan daiteke jarraipen hutsa denik ere. Melodiek itxaropenez betetako malenkonia kutsua mantentzen badute ere, pop-rock indartsuago baten hautua egin du taldeak. Jarraitasunaren eta hausturaren arteko orekan kokatzen da, beraz, Under Alt diskoa», nabarmendu dute Hernaniko kultura sailetik.
Abesti berriak entzuteko aukera izango dute kontzerturako sarrera eskuratzen dutenek, baina azkar ibili beharko dute bihar, badaezpada ere. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!