Erremontea

Urriza eta Labakak lortu zuten txapela Binakako Txapelketako final haundian

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 3a, 00:00

Partidako lau protagonistak finaleko sari banaketan atzo, Galarretan.

Hasierako abantailari ongi eutsita, 40-31 irabazi zieten Ansa eta Aizpururi Galarretan, erremonteko Binakako Txapelketako finalean.

Urriza eta Labaka dira Binakako Erremontearen txapeldun berriak finalean 40-31, Ansa II.a eta Aizpuru III.ari irabazi eta gero. Gorriek indartsu hasi zuten finala eta hasieran lortutako zazpi tantoko abantaila mantendu zuten partidu guztian zehar. Urdinek ez zuten ongi hasi partidua eta gero finalari buelta ematen saiatu arren akatsak garesti ordaindu zituzten momentu horietan.

Urrizak seigarren txapela lortu du eta denak atzelari desberdinekin irabazi ditu. Pasa den urtean Larrañagarekin batera lortu zuen bosgarrena eta aurten Labakarekin, seigarrena. Atzelari azpeitiarrak aurten egin du debuta txapelketa nagusian eta maila oso ona eman du. Finalean bere maila onenetik gertuen egon zen erremontista izan zen eta gainera lasai aritu zen, urduritasunik gabe. Urriza alboan edukitzeak laguntzen du. Iruindarrak erasoan ez zuen bere partidurik onena egin, baina berriz ere defentsa ikaragarria erakutsi zuen eta Ansaren akatsa etortzen zen defentsa askoren ondoren.

Urdinak urduri aritu ziren, batez ere hasieran. Horren ondorioz 12-4 hasi ziren galtzen. Gero ahaleginak egin zituzten desabantaila murrizteko, baina ez ziren bost tanto baino gutxiagora hurbiltzen. Azken pauso hori eman behar zutenean, hasieran Aizpururen sakeko bi faltek eta gero akats batzuk ez zieten uzten gehiago hurbiltzen.

Amaierara gorriak indar gutxiagorekin iritsi ziren eta urdinak lau tantora ere hurbildu ziren, 34-30, baina hortxe geratu ziren. Txapelketaren finalera partidurik galdu gabe iritsi ziren eta galdu duten bakarra garrantzitsuena izan zen. Hala ere, azpi-txapeldun geratzea ez da emaitza txarra izan.

Gorriek merezimendu guztiz irabazi dute txapela. Hauek ere, partidu bakarra galdu dute eta Urrizak erakutsi du erremontistarik onena dela. Finaleko onena ere aukeratu zuten eta txapelketako aurrelari hoberenaren saria ere eraman du. Atzelari onena Barrenetxea izan da.

Finala Urrizaren 15 tantorekin eta bi akatsekin bukatu zen; Labaka bikain egon zen saketik lau tanto eta piloteoan 6 tanto egin eta gero. Bien esperientziak eraman ditu txapela irabaztera. Urdinetan Ansak erasoan tanto asko egin zituen 20, baina behar baino akats gehiago egin zituen, 10. Aizpuru ez zen aurreko partiduen mailan aritu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!