Ez zen erraza izan, lehiaketako galdera guztiak zuzen erantzutea

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 3a, 00:00

Hernani Errotzen taldeak antolatu zuen 'Ezagutu Hernani' lehiaketa, eta 151 lagunek hartu zuten parte. Horietatik 23k soilik egin zuten plenoa. 

Hernani Errotzen elkarteak bosgarren urtez segidan antolatu zuen Ezagutu Hernani lehiaketa, eta arrakasta haundiarekin gainera. 151 lagunek hartu zuten parte, Hernani eta bere inguruak ezagutzeko 4 galderak erantzuteko ekimenean. Antolatzaileek azaldu zutenez, helburua zen «Hernaniren historia gizarteratzea eta hernaniarrek herriko ondarea ezagutuz, bertako altxorretara hurbiltzea». Beraz, emaitzek azaldu dutenez, funtsa soberan bete zuten Hernani Errotzenekoek. 

Aipatu moduan, 151 herritarretatik 23 lagunek egin zuten plenoa, mahaigaineratutako 4 galderak asmatuta. Denetarik galdetu zuten elkartekoek: Non jaio zen Biteri eskola eta kultur etxea eraikitzeko dohaintza egin zuen pertsona? Nola du izena Txillida Lekuko baserriak? Urumea, Kardaberaz kalearen beste izena? Ignazio Loiolakoa bonborda-bala batek zauritu zuen Iruñean, 1521eko maiatzaren 20an; nongo tropak jaurti zuen kanoi txikiaren bala? 

Aurretik azaldutako 4 galderatako bakoitzak 3 erantzun posible zituzten, eta bakarra zen zuzena. Biteri eraikitzeko dohaintza izan zuen pertsona Pedro Biteri Arana izan zen, Arrasaten jaiotako herritarra. Txillida Lekuko baserriak, berriz, Zabalaga izena du. Eduardo Txillidak erosi zuen eta berak zaharberritu zuen eraikina, bere familiaren laguntzarekin. Birgaitze lanak egin zituztenean, baserriaren izena, egurrezko egitura eta jatorrizko Zabalaga familiaren armarria bere horretan utzi zituen. 

Bestalde, Kardaberaz kalearen beste izena Andrekale da, 2014ean ofizialdu zuen Udalbatzak izen aldaketa. Eta, azkenik, Nafarroako tropak jaurti zuen kanoi txikiaren bala hura Ignazio Loiolakoaren aurka, 1521 urtean.    

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!