Ansa II eta Aizpuru III, Urriza eta Labakaren aurka ariko dira gaur Binakako final nagusian

Kronika - Erredakzioa 2021ko urt. 2a, 00:00

Urriza, Labaka, Ansa II.a eta Aizpuru III.a, finalerako prest. Argazkia: Maialen Andres

Jaialdia 16:30etan hasiko da eta finala eguneko bigarren partidua izango da. ETB1en zuzenean eskainiko da eta Urriza da aurretik Binakako finala jokatu duen erremontista bakarra.

Nahiz eta 2021garren urteko urtarrilaren 2a izan, gaur Galarretan, 2020 urteko Binakakoaren Erremonte Txapelketako finala jokatuko da. 50garren edizioa da aurtengoa eta bertan protagonistak Urriza-Labaka eta Ansa II.a-Aizpuru III.a izango dira. Bi atzelariak azpeitiarrak, Ansa urnietarra eta Urriza iruindarra.

Ansa eta Aizpuru aurreko bost partiduak irabazita iritsi dira, baina hala ere urdinez jokatuko dute. Gorriz ariko dira Urriza eta Labaka. Azken hauek partidu bakarra galdu dute txapelketa guztian zehar eta hori ligaxkan gertatu zen Ansa eta Aizpururen aurka, hain zuzen ere. Azaroaren 28an gertatu zen eta 35-40 irabazi zuten urdinek.  Beraien ligaxkako lehenengo partidua izan zen eta ezin hobeto ekin zioten binakakoari.

Orain ere, berdin amaitu nahi dute, garaipenarekin eta txapelarekin. Hala ere, ez da erraza izango aurrean erremontistarik hoberena egongo baita. Javier Urriza da gaur egungo banakakoaren txapelduna eta binakakoan ere bera da txapelaren defendatzailea. Pasa den urtean, Larrañagarekin batera lortu zuen bere laugarren txapela modalitate honetan. Gainera, finalisten artean bakarra da final haundi bat jokatu duena.

Ansa eta Aizpururentzat lehenengo finala da binakakoan eta Labakak ere aurten egin du debuta txapelketa honetan. Nahiz eta esperientzia gutxiagoko erremontistak izan, hirurak txapelketa borobila osatu dute.

Ansa eta Aizpuru ezin hobeto ari dira jokatzen eta beraien arteko ulermena ikaragarria da. Gainera Aizpuru sasoi betean dago. Atzelari bezala salto izugarria eman du eta txapelketako ezusteko nagusia izan da. Ansak badaramatza bizpahiru urte onenen artean, baina aurtengo binakakoan erakutsi du maila erregularrena. Bere doai nagusiei orain ari zaie zukua ateratzen.  Ezin ahaztu, Labakak eman duen maila. Urriza oso ongi babestu du eta finalerdian esaterako Barrenetxearen pare, gutxienez, aritu zen.

Urrizak bosgarren txapela irabazten badu, Elizalde eta Ezkurrarekin berdinduko luke

Urrizak irabazten baldin badu palmaresean bost txapelekin jarriko litzateke eta bide batez Kike Elizalde eta Koteto Ezkurrarekin berdinduko luke. Patxi Zeberiok irabazi ditu txapela gehien, zazpi. Esan, Aizpuru III.aren aitak ere hiru txapela badituela aurretik. 

Txapelketa nola joan den ikusita esan liteke Ansa eta Aizpuru direla faborito, baina aurkarien txapelketa ere oso ona izan da eta Urriza beti da Urriza. Asteazkenean egin zuten material aukeraketa eta bai batzuk eta bai besteak gustora geratu ziren.

Ansa urnietarraren hitzetan «partidu gogorra nahi dugu urdinek, ez dugu azkar amaitzea nahi». Horregatik ez dute material  oso arina nahi, nahiz eta Urrizak ere nahiago dituen pelota ez oso biziak. Aurreneko partiduan Barrenetxea IV.a hernaniarrak jokatuko du. 

 

PALMARESA

Urtea Txapeldunak

1943 Azpiroz-Iturain

1957 Irigoyen-Salsamendi III

1964 P. Lecumberri-Ugarte

1972 Ibero-Erro

1973 Raúl-Arizcuren

1974 Iriarte I-Ayerbe

1977 Pablo-A. Lecumberri

1978 Intxauspe-Ayerbe

1979 Iriarte I-Urteaga

1980 Iriarte I-Zestau I

1981 Aseginolaza I-Urteaga

1982 Raúl-Urteaga

1983 Ibero-Zestau I

1984 Gorriz-Mujika

1985 Matxin II-Urteaga

1986 Elizalde-Agerre

1987 Elizalde-Agerre

1988 Noain-Agerre

1989 Prat-Mujika II

1990 Elizalde-Aizpuru

1991 Intxaurburu-Agerre

1992 Elizalde-Eizagirre

1993 Arregi-Aizpuru

1994 Ezkurra-Eizagirre

1995 M. Lecumberri-Eizagirre

1996 Elizalde-Etxabe

1997 Altuna II-Etxabe

1998 Zeberio II-Aizpuru

1999 Ezkurra-Imaz

2000 Altuna II-Txikuri

2001 Zeberio II-Iriarte

2002 Altuna I-Eizagirre

2003 Zeberio II-Auzmendi

2004 Zeberio II-Urrutia

2005 Zeberio II-Auzmendi

2006 Ezkurra-San Miguel

2007 Urriza-Lizaso

2008 Urriza-San Miguel

2009 Zeberio II-Badiola

2010 Urriza-Etxeberria III

2011 Zeberio II-Ion

2012 Urriza-Barrenetxea IV

2013 Uterga-Ion

2014 Ezkurra-Ion

2015 Ezkurra-Endika

2016 Uterga-Endika

2017 Uterga-Etxeberria III

2018 Uterga-Azpiroz

2019 Urriza-Larrañaga

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!