Urtarrileko kultura-agendarekin egiteko ugari izango da

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 31a, 00:00

Plangintza zabala antolatu du Hernaniko Udalak datorren hilabeterako, hainbat taldeekin eta elkarteekin elkarlanean. 

Hilabetero moduan, kultura-agenda prestatu du Udalak urtarrilerako. Adin guztietarako antolatutako ekintzak dira eta, beraz, urtea ezin hobe hasteko aukera izango dute herritar guztiek. Kultura erdigunean jarri dute orain ere, eta horren aldeko apustu sendoa egin du Udalak: antzerkiak, literatura solasaldiak, musika emanaldiak, euskal zinema zikloa eta askotariko dinamikak egingo dira. 

Gainera, ikastaroak ere izango dira Biterin. Oraingo honetan, argazki kamera tailerra izango da. Azken horretan parte hartzeko bi egun egongo dira, hilaren 4an eta 6an, 16:00etatik 18:30etara eta 10:00etatik 12:30etara, hurrenez hurren.

Haurrak protagonista, hilabete hasierako ekintzetan

2020 urteari amaiera bikaina eman zioten herriko txikienek. Dobera Euskara Elkarteak antolatutako eskulanak, buruarin tailerrak, edota Kaxkardiren Gabon ludoteka izan zituzten aukeran, beste ekintza askoren artean. Bada, oraingo honetan ere, 2021a ederki hasiko dute haurrek eta gaztetxoek. Etzirako ezkutuko altxorren bila jolasa antolatu dute Doberak eta Gazteria arloak. Atsegindegitik abiatuko dira, goizeko 10:30etatik hasita.

Urtarrilaren 4an, berriz, haur antzerkiarekin gozatzeko aukera izango dute 5 urtetik gorako umeek. Anita Maravillas Teatroaren eskutik, Kotondarrak emanaldia izango da Biterin, arratsaldeko 18:00etan. Sarrerak salgai egongo dira Biterin, 3 euroan. 

Horrekin batera, abenduaren 16an ere Laika haur antzerkia izango da kultur etxean. Kasu horretan 4 urtetik gorakoentzat dago antolatuta, eta eguerdiko 12:00etan izango da. Horretarako ere sarrerak aldez aurretik eskuratu beharko dira, 3 euroko prezioan.

Horrez gain, makina bat egiteko ere izango dira gainerako herritarrentzat. Plangintza honetan berezia izango dena euskal zinema zikloa da. Bi saio egingo dituzte, hilaren 21ean eta 28an. 

Lehenengo egunean Lander Garroren Bi urte, sei hilabete eta egun bat dokumentala landuko dute, eta, hori amaitzean,  solasaldia izango da Biterin Garrorekin. Bigarrena, berriz, Asier Altunaren Arzak Since 1897 film-dokumentala proiektatuko dute. 

Beraz, antzerkiak eta literatura solasaldiak ez ezik, denetarik izango da datorren hilabetean. Halaber, Gaztelekuak ere egin du hilabeteko plangintza, eta horren berri emango du Kronikak larunbatean. Tartean dira Biterin egingo duten topagunea, hozkailuko imanen tailerra Plaza Feministan, edota badminton arratsaldea kiroldegian. 

2 EZKUTUKO ALTXORRAK, Dobera Euskara Elkartea. Atsegindegin, 10:30.
4 kOTONDARRAK. HAUR ANTZERKIA, Anita Maravillas Teatro. Biterin, 18:00. 
6 BERTSO JAIALDIA, Bertsolata. Biterin,  18:30.
13 LITERATURA SOLASALDIA: Los asquerosos (Santiago Lorenzo). Amaia Garcia. Biterin, 19:15.  
16 lAIKA. HAUR ANTZERKIA, Xirriquitela teatre, Biterin, 12:00. 
19 LITERATURA SOLASALDIA: Erraiak (Danele Sarriugarte). Ane Mayoz. Udal Liburutegia, 19:00.  
21 EUSKAL ZINEMA ZIKLOA: Bi urte, sei hilabete eta egun bat (Lander Garro). Lander Garro. Biterin, 19:00. 
26 LITERATURA SOLASALDIA: Dendaostekoak (Uxue Alberdi). Kattalin Miner, Biterin, 19:00.
28 EUSKAL ZINEMA ZIKLOA: Arzak Since 1897 (Asier Altuna). Biterin, 19:00.
27 KONTZERTUA, Garbiñe Insausti & Iñaki Salvador. Biterin, 19:00.

TAILERRAK
4-5 argazki kamera. Biterin, 16:00-18:30 eta 10:00-12:30.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!