Koronabirusa

Atzo hasi zuten COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina, Hernaniko Adinekoen Egoitzan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 31a, 00:00

Guztira 80 egoiliar eta langileek jarri zuten txertoa, eta txerto gabe geratu diren gainerako guztiek larunbatean jarriko dute. 

Pasa den igandean hasi zen Euskal Autonomia Erkidegoan COVID-19aren aurkako txertaketa, zahar etxeetan.  Lehen fase honetan, arrisku taldeek izango dute lehentasuna; alegia, egoera zaurgarrian dauden taldeek. Beraz, zahar etxeetatik ekingo diote kanpainari. Bestalde, Nafarroari dagokionez, Gobernuak aurreikusi du otsaila erdirako zahar etxeetako 13.000 egoiliarri eta langileri jartzea txertoa. Osasun zuzendariak azaldu zuen «ardura sozialeko ariketa bat» dela. Hori horrela, herritarren %70 txertatzeak «luze» joko duela helarazi bazuten ere,  COVID-19aren aurkako txertoaren kanpainaren lehen fasea martxorako amaituko delakoan dago gobernua. 

Larunbatean bukatuko da lehen dosiaren txertaketa

Aipatu moduan, Hernaniko Adinekoen Egoitzan atzo hasi zuten txertaketa kanpaina. Udalak jakinarazi duenez, guztira 80 egoiliar eta langile txertatu zituzten goizean. Gainera, jakinarazi dute zentroko langile eta egoiliar guztiak ez zutela txertoa jaso eta, hortaz, larunbatean, falta diren gainerako egoiliarrak eta langileak txertatuko dituzte. Aipatutako hori lehenengo dosia izan da; bigarrena hiru aste barru jarriko dute, 21 egun igaroko direnean.

Halaber, azaldu dutenez, Hernaniko Bexen Medical enpresak EAEn jartzen hasi diren 16.000 dosi dituela jakinarazi dute. Horiek adinekoen egoitzetara bideratu dituzte lehenik; bertako egoiliarrei eta langileei jarriko diete txertoa lehenik: COVID-19aren aurka borrokan «lehenengo ilaran» daudenei. Horrela, martxoa eta apirila artean arrisku taldeko lehenengo multzo osoa bakunatuta egotea espero da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!