Buruntzaldeako Ernaik gazte topaketak antolatu ditu abenduaren 27rako, 28rako, 29rako eta 30erako. Aurreko egunetan Andoainen eta Lasarten izan dira ekintzak, besteak beste, dokumental proiekzioa edo hitzaldiak.
Gaurkoan Hernanin dute hitzordua, eta bi egiteko antolatu dituzte. Arratsaldeko 17:00etan Prekarietatea, gazteon alternatiba bakarra? izenburupeko hitzaldia eskainiko dute herriko Bilgunean eta, ondoren, manifestazioa izango da. Azken hori 19:00etan abiatuko da plazatik, Zuen interesen aurrean neurri eraginkorrak orain lelopean.
Guztiagatik, Buruntzaldeako Ernaik herritarrei deialdia luzatu die, ekintzetara bertaratu daitezen. «Gazteria kriminalizazioaren jo puntuan jartzen ari diren honetan, neurri errepresiboen bidez gure jardun politikoa ezereztu nahi dute. Gazteok badakigu gure borrokaren norabidean bizitzak erdigunean jarri behar ditugula, eta badaukagu zertaz hausnartu eta ikasi».