Portuko auzokoek gabonetako ekintza ugari antolatu dituzte datozen egunetarako

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 30a, 00:00

Magia ikuskizuna, erroskila tailerra eta beste hamaika egiteko izango dira urtea amaitu aurretik.

Urtea amaitzear dagoen honetan, Portu auzokoek amaiera ezin hobea eman nahi izan diote 2020ari. Izan ere, hilabete korapilatsuak izan badira ere, oroitzapen politekin geratzeko nahia dute auzotarrek. Horretarako, datozen egunetan hainbat ekintza eta egitasmo antolatu dituzte herritarrentzat. Denetarik egiteko aukera izango da, eta dinamikak irekiak dira; beraz, edonor joan daiteke bertara, interesa izanez gero.

Hori horrela, gaur hasiko dute plangintza berezia, magia ikuskizunarekin. Adin guztietarako pentsatutako emanaldia da, eta arratsaldeko 17:00etan hasiko da Ibarrolaburu Plazan. Dena den, eguraldi txarra eginez gero, Elizatxo ikastetxeko aterpean izango dela helarazi dute. Andoni magoa arituko da oholtza gainean magia-trukoak egiten, eta ziur aho zabalik utziko dituela ikusle guztiak. 

Egun potoloa, biharkoa
Antolatu duten hurrengo egitekoa urteko azken egunean izango da; alegia, bihar. Egun osoko plangintza egin dute, eta goizetik arratsalde arte izango dute zeregina auzotar eta herritar guztiek. Goizeko 10:30etan abiatuko dira Plazatik eta Santa Barbarara joango dira, mendi buelta egitera. Ondoren, auzokideen arteko brindisa egingo dute, eguerdiko 13:00etan. Gainera, Gabonetako saskiaren zozketa bertan egingo dute. Hortaz, auzotarrak bertaratzea animatu dituzte, brindisa egiteko eta zozketan saskia irabazi duten ala ez jakiteko. Azkenik, 2020 konplikatu hau ixteko suzko traka egingo dute, arratsaldeko 18:30etan.

Azkenik, urtarrilaren 4an erroskilla tailerra egingo dute, arratsaldeko 16:30etan. Aforoa mugatua izango da eta aldez aurretik izena eman behar da.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!