Urtea ezin hobe amaitu du boleibol taldeak

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 29a, 00:00

Laredon izandako garaipenarekin lehenengo postuan jartzea lortu dute hernaniarrek.

Igande arratsaldean jokatu zuten Laredo eta Hernani taldeek duela aste batzuk atzeratu zen partida, eta garaipena lortu zuten hernaniarrek. Orain, irabazitako puntuekin, sailkapenean lehenengo postuan dago talde hernaniarra.

Teknikoki partida «kaxkarra» izan bazen ere, pistan lehia bizia nabaritu zen, bi taldeek gogor borrokatu baitzuten garaipenaren alde. Lehenengo jokoa oso parekatua izan zen, eta 24-26 itxi zuten markagailua. Bigarrenean, berriz, Hernani indartsuago sartu zen pistara; jokoa hobeto bideratu zuten lehenengo minututik eta abantaila haundia lortu zuten. Hori horrela, 15-25 tanteoarekin, 0-2 gailendu ziren markagailuan. Orokorrean gertatzen den modura, abantailarekin hernaniarrek irabazitzat jo zuten partida, eta hori aprobetxatu zuten etxekoek; izan ere, 25-14 partziala lortu zuten. Edonola ere, laugarren jokoan Hernani bere mailara itzuli zen eta 17-25 amaitu zen azken zatia. Beraz, partida 1-3 itxi zen hernaniarren alde.

Azaldu dutenez, azken garaipen horrekin taldea indartsu dago, sailkapenean lehenengo postua lortu dutelako, eta bide beretik jarraitzea espero dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!