«GKSk urtarriletik aurrera ere bide beretik jarraituko dugu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 29a, 00:00

GKSko kideak plazan, azaroan antolatutako kontzentrazioan.

Buruntzaldeako Gazte Koordinadora Sozialistak jardunaldi politikoen ondorioen berri eman du. 

Buruntzaldeako Gazte Koordinadora Sozialistak jardunaldi politikoak egin zituen azaroan, Hernanin eta Andoainen. Horiek amaituta, balorazioa egin dute eta ateratako ondorioen berri ere eman dute. Azaldu dutenez, koronabirusaren pandemiak «indartu egin zuen lehenagotik indarrean zegoen krisi ekonomikoa». Horren bueltan, sinesten dute krisi guztien kapitalaren gainbeheran dutela oinarria, «hau da, gizartearen izaera kapitalistan du jatorria eta ondoren batzen dira faktore koiunturalak». 

Horren harira, krisi egoera horretan, diote, «guztien antzera, langileriaren bizi baldintzak kaskartzen erantzungo» dutela. «Jendartea gizartearen egituratze berrira moldatzeko edota hori onartzeko murrizketak inposatzen ditu burgesiak».
Hori guztia salatu zuen Gazte Koordinadora Sozialistak, eta horregatik antolatu zituen, hain justu ere, jardunaldiak eta gainerako ekimenak eta mugimenduak. Salaketa kanpaina abiatu zuten urrian, eta Buruntzaldeako lehen jardunaldi politikoak antolatu zituzten azaroan. Saioen lehenengo egunean, gazte kriminalizazioa izaten zuten hizpide. «Laburki esanda, burgesiak gazteongan dituen funtzioak betikotzeko eta horiek langile klase osora zabaltzeko mekanismoa da». 
Ondoren, jardunaldi politikoen bigarren egunean, «jende ugari bildu zen». Hitzaldi bat antolatu zuten, «interes berdinei men egiten dieten kontzeptu batzuk azaltzeko». Horri lotuta, mahaigaineratu zituzten «pandemiaren garaian ezarri den estatu polizialaz hausnartzeko gako batzuk». Azkenik, hirugarren egunean, hitzaldi batekin salaketa kanpainako azken kontzentrazioa burutu zuten. 

Hori guztiarekin, GKSk argi utzi du «langileriaren antolakuntzaren beharrezkotasuna seinalatzeaz gain, langile klaseari baliabideak eskaintzeko jarraitzeko asmoa» dutela, urtarriltetik aurrera ere.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!