8 ikastaro antolatu ditu KZ Guneak urtarrilean egiteko

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 29a, 00:00

Denetarik landuko dute guztietan eta aurrez aurrekoak edo urrunekoak izango dira. Interesa dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena. 

Hernaniko KZ Guneak urtarrilerako plangintza zabala antolatu du. Urtea ekintza ugarirekin hasiko dute eta, beraz, ez dute aspertzeko unerik izango ikastaroetan izena ematen dutenek. Guztira 7 ikastaro antolatu dituzte, eta denetarik landuko dute horietan: komunikazioa, irudia eta bideoa, aisia eta entretenimendua, ofimatika, produktibitatea, programazioa eta garapena, sare sozialak eta segurtasuna. Horietako batzuk modu presentzialean egingo dira, beste hainbat online, eta batzuk bi modutara egiteko aukera egongo da. 

Interesa duenek hainbat bide dituzte izena emateko: batetik, KZ Gunean, aldez aurretik hitzordua eskatuta 943 02 36 50 telefono zenbakian; bestetik, aurretik aipatutako telefonora deituta, betiere KZ Guneko erabiltzaile bada; eta, azkenik, www.kzgunea.eus webgunean.  Azken horretarako ere beharrezkoa da KZ Guneko erabiltzaile izatea.  Horrekin batera, bulegoa astelehenetik ostiralera bitartean dago irekita, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Dena den, KZ Gunean edo ikastaroetan izena emateko laguntza behar dutenek webgunean dauden bideotutorialak ikus ditzakete. 

8 ikastaro eskaini dituzte 
Esan bezala, mota guztietako edukiak landuko dituzte urtarrilerako antolatu dituzten ikastaroetan. Horietatik soilik 3 egingo dira modu presentzialean. Urtarrilaren 15ean aisia eta entretenimendua izenekoa egingo dute, 11:00etatik 13:00etara, euskeraz. Urtarrilaren 18tik 29ra bitartean ofimatika (LibreOffice) ikastaroa izango da, 11:00etatik 13:00etara edo 16:00etatik 18:00etara. Kasu horretan, online egiteko aukera ere izango da, erderaz, hilak 4etik otsailaren 3ra bitartean. Eta azkenik, produktibitatea lantzeko ikastaroaren baitan bi saio eskaini dituzte, aukeran: Kudeatu zaitez Google aplikazioaekin, euskeraz, urtarrilaren 4tik 14ra bitartean; eta, Google aplikazioak zure Smartphonean, erderaz, hilak 4tik 15era bitartean.  

Modu birtualean edo online egingo diren ikastaroei dagokienez, 6 dira. Horien artean daude, esaterako, Podcast, sortu zure irrati kanala izenekoa, erderaz, hilak 4etik  otsailaren 2ra. Bestalde,  irudia eta bideoa editatzen ikasteko aukera ere izango da, edota webgune bat sortzen ikastekoa, eta sare sozialak nola erabili ikasiko dute.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!