Sari hirukoitza irabazi du Bizkaian Legorburuk literatura lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 28a, 00:00
Hiru sariak batera irabazten lehenengoa izan da Legorburu.

Durangoko Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia lehiaketan bertsopaper, poesia eta ipuinetan lortu du aurreneko saria.

Santa Luzia eguneko igande goizean jakin zuen Iñigo Legorburuk, Durangoko udalak urtero antolatzen duen Julene Azpeitia lehiaketako irabazle izendatu zutela. Helduen mailan nagusitu zen bertsopaper, poesia eta ipuinetan. Sari hirukoitza beraz Legorbururentzat, literatur generoko saritu bakarra egoten den lehiaketa honetan.


Bertsopaperen atalean, Etxez etxe lanarekin gailendu zen Legorburu, martxoa-apirila garaiko konfinamenduan osatu ziren herritar sareak hizpide hartuta. Epaile gisara, Durangoko bertso-eskolako kideak aritu dira, besteak beste Erika Lagoma, Gorka Lazkano edo Eneko Abasolo Abarkas bertsolariak eta sariarengatik, 300 euro eskuratu ditu. Egilearen hitzetan, «konfinamenduak utzi digunaren testigantza bat uztea nuen helburu, bere gordintasunean, baina alde positibotik begiratuta».


Poesian, Lehentasunez lanak eman zion saria Legorbururi, ezinezko maitasun baten xerka egindako poema luze batengatik. Sari gisara, 300 euro lortu ditu. Iñigo Legorbururen hitzetan «ez da oso lan luzea baina aitortu behar dut erregistroa topatzea kostatu zaidala, poesiaren koordenadetan mugitzen ez nagoelako ohitua».


Azkenik, 600 euroko sari potoloa, ipuin lehiaketan lortu zuen; Azken afaria lanagatik. Bertan, 80.hamarkadan, Aieteko La Cumbre jauregian torturatzaile jardundako gizonezko bat da protagonista, bere bikotearekin azken otordu bat egitera doana. 


Aipamen biblikoz jositako istorio bat landu du egileak, eta sorpresa batek errematatzen du genero beltzeko trama hau.
Legorburu, sari guztiengatik pozik agertu bazen ere, «ipuinak egin dit ilusio gehien, torturatzaile baten bizitzan sartzen saiatu naizelako».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!