Gazte Asanbladak «ertzainen jarduera arbitrarioa» salatu du

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 27a, 00:00

Hernaniko Gazte Asanbladak ertzaintzaren jarrera salatu du prentsaurrekoan.

«Pasa den abenduaren 19an osasun irizpideak beteta ospatu genuen urteurrena, baina bertan ezin genuela egon esan ziguten».

Kontrakantxako gazteek ertzaintzaren «jarduera arbitrarioa» salatu berri dute eta «erasoen aurrean etenik ez!» aldarrikatu dute prentsaurreko batean. Pasa den abenduaren 19an, Kontrakantxa gaztetxearen 14garren urteurreneko ospakizun egunean izan zuten gertaeraren ondotik dator idatzia eta salaketa publikoa. Egun horretarako, bazkaria eta kontzertuak antolatuta zeuden gaztetxean bertan; bi aste lehenago abiatutako egitarau ezberdin eta zabal baten amaiera gisa. 


Hernaniko Gazte Asanbladak dio «segurtasun eta osasun irizpideak beteta, gaztetxean bertan garatu zitekeen jarduna bideragarria eta egingarria zela. Zentzu horretan, urtero abenduko egun hauetan egiten diren ospakizunei heltzeko erabakia hartu genuen, kontuan izanik herriko inzidentzia-tasaren zenbaki baxuekin eta osasun irizpideak beteta egingarriak zirela hainbat ekintza».


Abenduaren 19an, gaztetxean bazkarirako jendea biltzen hasi zenean, Gazte Asanbladako kideen esanetan, «ertzainak agertu ziren. Delitu bat egon zitekeenaren aitzakiarekin hasi zen hizketan ertzain-burua eta zertan ari ginen begiratu behar zuela esanez. Hemendik aurrera mehatxu ezberdin eta kontraesankorrak egiten hasi zen. Aretora jaitsi zen inoren baimenik gabe, bertan bazkaria hasi aurretik 20-30 gazte inguru zeuden. Bazkaritarako mahaiak banatuta zeuden, sei pertsona mahai bakoitzeko, baina hasi gabe egonik gazte batzuk elkarrekin hizketan ari ziren. Hori ikusita, osasun irizpideak betetzen ez zirela esaten hasi zen eta mahai horretan zeudenak identifikatu beharko zituela. Bertan ginen kideok hartutako neurriak azaltzen hasi ginenean, mehatxuz aldatu eta bertan ezin genuela egon esaten hasi zen. Azkenean, arduradun bat eskatu zuen harekin bakarrik hitz egiteko eta kanpora atera zen kuartelarekin hitz egiteko. Argi utzi zuen aitzakiak bost axola zuela eta soilik bazkariko unean interbenitu eta bertaratutakoak intimidatzeko saiakera izan zela. Osasun neurriak ziurtatzeko baino, gazte langileon aurkako esku-hartzea izan zela deritzogu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!