Kontzentraziora deitu du bihar Sarek, Itxaso Zalduak Auzitegi Nazionalean deklaratu behar duen egunean

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 27a, 00:00

19:00etan, Gudarien plazan, da zita eta batzar informatiboa ere egingo da. Zaldua uztailean atxilotu zuten 12 urte espetxean egin eta gero.

Hernaniko Sarek kontzentraziora eta batzar informatibo batera deitu ditu hernaniarrak, bihar, 19:00etan, Gudarien plazan. Elkarteak bidalitako mezu batean bilkuraren arrazoia plazaratu du eta Itxaso Zaldua preso hernaniarrak Auzitegi Nazionalean bihar egin beharreko deklarazioa dago erdigunean. 


Bihar, astelehena, «Itxaso Zaldua hernaniarra, beste bi lagunekin batera, Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitua izan da 2002. urteko atentatu baten harira. 12 urtez Frantziako espetxeetan preso egon ondoren, 2017an geratu zen libre. 2020ko uztailaren 21ean atxilotu zuten berriro. Gaur egun Salamancako espetxean dago» dio Sarek. 


«Egoera honekin amaitzeko garaia» dela azpimarratzen du Sarek bere idatzian. «Konponbide garaia da, ez akusazio zaharkitu eta korapilatsuen baitan espetxeak betetzen jarraitzekoa».


Saretik, egoera hau salatzen dute eta «jaio ginenetik ditugun konpromezuetan berresten garela adierazi nahi dugu: bakea, bizikidetza eta konponbidea. Horregatik, guztiak bide horren parte izatera gonbidatu nahi zaituztegu; izan gaitezen bidea. Injustizi honen jomugan dauden guztien etxerako bidea eta herri honen elkarbizitzarako bidea».


Hau dela eta bihar, hilak 28, arratsaldeko 19:00etan, Gudarien enparantzan batzar informatiboan parte hartzera deitzen ditu herritarrak. «Konponbide garaia da! Itxaso askatu».

Izan Bidea, atzo Martutenetik
Bestetik, atzo, Martuteneko espetxetik Loiolara, kalejira egin zuen Sarek, Izan Bidea egitasmoaren barruan. Salatu zuten, guraso espetxeratuen haurren egoera berezia, COVID19a+urruntzea=umezurtz lelopean. Kalejirarekin bat egiteko, zutabe bat abiatu zen ordubete aurretik Astigarragatik.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!