Ansa II-Aizpuru III.ak eta Urriza-Labakak jokatuko dute Binakako eremonteko finala

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 27a, 00:00

Barrenetxeak ezin izan zituen pelota guztiak altxa.

Barrenetxea IV.a kanpoan geratu da, Segurolarekin batera 40-36 galdu eta gero Urriza eta Labakaren aurkako finalerdian.

Binakako Txapelketaren finala nork duen jokatuko erabaki zen atzo Galarretan. Datorren larunbatean, aurrez aurre, ariko dira Ansa II.a eta Aizpuru III.a, Urriza eta Labakaren aurka.


Ligaxkan hoberen sailkatu ziren bi bikoteak finalerdietan ere onenak izan ziren eta Juanenea-Larrañaga eta Segurola-Barrenetxea IV.a hernaniarra kanporatu zituzten, hurrenez hurren, txapelketatik. Beraz, ez dago dudarik txapelketa osoan zehar nagusi izan diren bi bikoteak merezimenduz iritsi direla azken partidura eta txapela beraien artean erabakiko da. 


Finalerdietako aurrenekoan Ansa eta Aizpuruk bosgarren partidua irabazi zuten jarraian. Txapelketa osoan ez dute porrota ezagutu eta azkenaurreko partiduan 40-33 menderatu zituzten Juanenea eta Larrañaga. Partiduko lehendabiziko erdian Juanenea ongi aritu zen eta aurretik, alde gutxirekin, joan ziren urdinak. Hala ere, bigarren zatian Aizpuru azpeitiarra izan zen erremontistarik onena eta bere lanari esker aurretik jarri eta amaiera bikain batekin 40-33 erabaki zuten partidua gorriek. 


Bigarren finalerdian aritu zen Barrenetxea hernaniarra, baina ezin izan du finalera iritsi. Urriza eta Labakak 40-36 irabazi zieten Segurola eta atzelari hernaniarrari partidu oso lehiatu batean. Hamasei berdinketa egon ziren eta peloteo luzeak ikusi ziren, baina urdinak 34-35 aurretik zirela 5 eta 0ko partzial batek erabaki zuen finalerdia. Urrizak oso indartsu amaitu zuen eta azken hamalau tantoetatik hamabi egin zituen.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!