Finalerako pasearen bila, Barrenetxea

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 26a, 00:00

Segurola eta Barrenetxea, material aukeraketan. Argazkia: Maialen Andres

Segurolarekin batera, Urriza eta Labakaren kontra jokatuko du, 15:30etan hasita. ETB1ek emango du jaialdia zuzenean.

Gabonen erdi-erdian, sekulako jaialdia izango du gaur, Galarreta frontoiak: Binakako Txapelketaren semifinalak jokatuko dituzte lau bikote onenek, arratsaldeko 15:30etan hasita. Eta frontoian ikuslerik izango ez den arren, etxetik jarraitu ahal izan­go dituzte bi partiduak zale­ek, ETB1 telebista kateak emango baitu jaialdia zuzenean.

Semifinaletako batean izango da, gainera, Endika Barrenetxea hernaniarra. Segurolare­kin jokatuko du, eta aurrean izango ditu Urriza eta Labaka. Partidu horixe bera jokatu zuten aurreko larunbatean, ligaxkako azkeneko partiduan; eta Urriza eta Labaka nagusitu ziren (39-40), 31-13 atzetik izan ziren arren. Duela astebeteko erreferentziak, gozotik zein gazitik izan zuen bi bikoteentzat, momentu onak eta kaxkarrak tartekatu baitzituzten denek. Gaurkoan, ordea, orduan baino maila hobea eman beharko dute denek, finalerako pasea lortu nahi badute.

Faborito argirik ez dago, aurrelari onena eta atzelari onena, Urri­za eta Barrenetxea, elkarren kontra arituta. Baina, beharba­da, Segurolak eta Labakak eman dezaketen maila izan daiteke partiduaren klabea.

Jaialdiko bigarren partidu­an ariko dira haiek, eta aurrenekoan, jokatuko dute beste se­mifinala: Ansa II eta Aizpuru III, Juanenea eta Larrañagaren kon­tra. Horretan bai, faborito izango dira Ansa eta Aizpuru, ligaxka lider bukatu ondoren, partidu guztiak irabazita. Dena den, Juaneneak eta Larrañagak hobera egin dute, txapelketa oso gaizki hasi ondoren. Maila hobea eman zuten hirugarrenean, Ansa eta Aizpururen kontrako porrotan hain justu (32-40); eta irabazi egin zuten laugarrena. Gorako joerari eutsiz gero, baliteke ezustekoa ematea gaur.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!