Laredon izango da Hernani bihar, atzeratutako partidua jokatzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 26a, 00:00

Geldialdia aprobetxatuz, bi taldeek adostu dute jokatzea Euskal Ligako laugarren jardunaldiari zegokion partidua. 17:00etan izango da.

Atseden astea behar zuen honek, Hernaniko boleibol taldearentzat, Euskal Ligan. Izan ere, geldialdia daukate, Gabonetako oporraldia tarteko. Baina ez dira geldirik egongo hernaniarrak; are gehiago, Kantabriara joango dira bihar, Laredora, atzeratuta daukaten partidua jokatzera.

Laugarren jardunaldian jokatu behar zuten Laredok eta Hernanik, elkarren kontra; baina pandemia eta lurraldekako itxierak tarteko, ezin izan zuten jokatu. Horregatik, geldialdi hau aprobetxatuz, bi taldeek adostu dute bihar jokatzea, arratsaldeko 17:00etan hasita. Eta horrekin, eguneratuta izango dute partiduen egutegia, aurreneko itzulia eta urtea bukatzeko.

Sailkapeneko hirugarren tokian dago Her­nani, zazpi partidutik lau irabazita; eta seigarrena da Laredo, baina lau partidu besterik ezin izan ditu jokatu: bi irabazi ditu, eta beste bi galdu.

Aurreko astean Sestaori irabazi ondoren, beste garaipen bat lortu nahi du Hernanik, urteari bukaera onena emateko, eta goiko postuetan ekiteko Euskal Ligaren bigarren itzuliari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!