Aurrekontuak onartu berri dira Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 24a, 00:00

EH Bilduk alde bozkatu zuen, PSE-EE eta Podemos abstenitu egin ziren eta EAJ-PNVk aurkako botoa eman zuen.

Hernanik baditu datorren urterako aurrekontuak. Astearteko Plenoan onartu ziren; EH Bilduren aldeko botoekin, PSE-EEren eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta EAJ-PNVren aurkako botoekin. Udalak 2021eko aurrekontua 27.800.000 eurokoa izango du eta 2020koarekin alderatuta %5,95 jaitsiko da, 1.800.000 euro inguru, hain zuzen.

Behin proposamena egin eta gero alderdiek zuzenketak egiteko aukera izan zuten eta ondoren Udal Gobernua alderdi bakoitzarekin kontaktuan jarri eta landu zituzten aurrekontuak. Bi partida berri sartu dira, PSE-EEren emendakin partzialak onartuta eta horrek aurrekontuaren kopuru orokorra ez du askorik aldatu.

EAJ-PNVk aurka eman zuen botoa. Alderdiaren disposizio onaren aurrean erantzun egokirik ez duela jaso, Udal Gobernuaren aldetik, uste du Andoni Amonarraizek. «Gure zuzenketak 1.225.000 euro ziren guztira. Diru hori lortuko litzateke aholkulariak ezabatzetik (165.000 euro urtean), atez atekoa aldatzetik (655.000 euro). Ga 06 eremuaren garapena baztertzetik (1.577.699 euro), Galarretan Aldundiaren eskumenekoa den bide baten garapena aparkatzetik (1.198.530 euro). Aldaketa horiek, guztira, 3.596.989 eurokoak dira. Gure proposamenarekin, 2.371.989 euro geratuko lirateke Kodeak etorkizunean sortuko lituzkeen edo urtean zehar sortuko liratekeen beharrei erantzuteko».

Alderdi sozialista abstenitu egin zen eta Ricardo Crespok ondorengo arrazoiak eman zituen. «Ez dugu osoko zuzenketarik aurkeztuko 2021eko aurrekontu proiektuari, baina 262.000 euroko zuzenketa partzialak erregistratu ditugu» Emendakin guztiak ez ditu Udal Gobernuak jaso, baina konpromezua hartu du horiek lantzeko, Karabelgo aparkalekua edota argiteriaren ingurukoa esaterako.

Podemosen abstentzioaren arrazoia ondorengoa izan zen. «Aurrekontu hauek doituagoak dira. Baina gris eta kontserbadoreak ere badira, zailtasunei irmotasunez aurre egiteko ekimen gutxi sumatzen da. Udaletako eta administrazioetako ia aurrekontu guztiek gora egiten dutenean krisi sozial, sanitario eta ekonomikoari erantzuna emateko, Hernaniko Udalak atzera egin du».­

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!