Beste berdinketa bat, urtea bukatzeko

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 22a, 00:00

Hernaniko jokalari bat, Goierri Gorriko beste bati presioa egiten. Argazkia: Javi Luzuriaga

2-2 berdindu zuen Hernanik, Goierri Gorriren zelaian, eta azkenaurreko postuan jarraitzen du. Atseden hartuko dute orain, Gabonak pasa arte.

Ezin izan zuen denboraldiko au­rreneko garaipena lortu Hernanik, Euskal Ligan.­ Goierri Gorri taldearen zelaian aritu zen, Bea­saingo Loinazen, eta beste ber­dinketa bat lortu zuen (2-2).

Primeran ekin zioten partiduari txuri-berdeek, eta hasiera onak saria ere izan zuen: berehala lortu zuten aurreneko gola, Mireia Becerraren eskutik, korner batean. Eta beste gol aukera garbi bat ere izan zuen Hernanik, bigarren gola lortzeko, hortik gutxira. Ez zuen asmatu, ordea, eta aldiz, Goierri Gorrik lortu zuen gola, berehala. Partidua berdinduta, bigarren kolpe bat jaso zuen Hernanik, minutu gutxira: 2-1 aurreratu zen talde goierritarra. Jasotako bi golek min egin zieten txuri-berdeei, eta ez zuten bere mailarik onena erakutsi, atsedenaldira bitartean. Horrela, markagailuan atzetik zirela egin zuten aldageletarako bidea.

Animoak lasaituta eta ideiak argituta, hobeto ekin zioten hernaniarrek bigarren zatiari, partiduari buelta emateko asmoz. Eta baita lortu ere: bigarren gola egin zuen Mireia Becerrak berak, eta berdindu egin zuen partidua. Ez ziren horrekin konformatu txuri-berdeak, eta izan zituzten gol aukera gehiago, horietako batzuk garbiak; baina ez zuten asmatu azkeneko metroetan. Hortaz, beste berdinketa batekin konformatu behar izan zuten hernaniarrek.

Lortutako puntuarekin, azkenaurreko postuan jarraitzen du Hernanik, seigarren, aurreneko itzulia bukatzeko partidu bakarra falta denean. Gabonetatik bueltan jokatuko du hori, Lakua azkeneko sailkatuaren kontra. Partidu hori irabazi nahi dute, egoera zailari buelta ematen hasteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!